NAIZ
Bilbo

EPeko Viñals eta De Madariagak hautagaitza aurkeztu dute Bilbo eta Bizkaiako primarioetarako

Ana Viñals eta Eneritz de Madariagak, Elkarrekin Podemosen aldetik, hautagaitza aurkeztu dute, hurrenez hurren, Bilboko alkatetzarako eta Bizkaiko Foru Aldundirako hautestunde primarioetarako.

Ana Viñalsek eta Eneritz de Madariagak hautagaitza aurkeztu dute Bilboko Alkatetzarako eta Bizkaiko Foru Aldundirako.
Ana Viñalsek eta Eneritz de Madariagak hautagaitza aurkeztu dute Bilboko Alkatetzarako eta Bizkaiko Foru Aldundirako. (ELKARREKIN PODEMOS)

Elkarrekin Podemoseko bozeramaileak dira Ana Viñals eta Eneritz de Madariaga, lehena Bilboko Udalean eta Bizkaiko Batzar Nagusietan bigarrena. Ostiral honetan aurkeztu dituzte Podemos Ahal Duguren aldetik Bilboko alkatetzarako eta Bizkaiko Foru Aldundirako hauteskunde primarioetarako hautagaitzak.

«Uste dugu beharrezkoa dela hiri eta lurraldean bultzatzen ari garen eredu aldaketarekin jarraitzea, baita gehiengo sozialaren defentsan lan egitea ere», nabarmendu dute hautagaitzen aurkezpenean.

‘Bat Egin’ proiektuaren baitan aurkeztu dira Viñals eta De Madariaga. «Bilbo eta Bizkaiko herritarrei hiri eta lurralde eredu justuago eta aurrerakoiago bat eskaintzen duen proiektu ireki eta bateratzailea. Ongizate Estatua mantentzearen eta zerbitzu publikoaren aldeko apustutik herritarren bizitza duinaren alde egingo duen proiektua da», azaldu dutenez.

Ibilbideak

Ana Viñals, 36 urteko bilbotarra, publizista eta Asialdiaren eta Giza Garapenean doktorea da. Diziplina anitzeko ibilbide profesionala du, batez ere prestakuntza eta ikerketarekin eta kultura, komunikazio eta ekitaldien ekoizpenarekin lotua.

2019an Elkarrekin Podemosek Bilboko alkatetzarako hautagai gisa proposatu zuen Viñals eta, horren aurretik, Lakuan Hezkuntzako teknikari aholkularia izan zen.

Eneritz de Madariaga bilbotarrak 45 urte ditu eta 1999an Gizarte Lanean graduatu zen. Harrezkero, Bizkaiko hainbat elkartetan ibili da lanean.

2017an Bizkaiko Batzar Nagusietan hasi zen Podemoseko batzarkide bezala, eta Ogasun eta Finantza, Gizarte Ekintza, Gizarteratze, Enplegu eta Berdintasun, Erakunde, Gobernu On eta Gardentasun batzordeetan parte hartu zuen.