NAIZ
Donostia

Castillo Suarez idazle altsasuarra euskaltzain oso izendatu du Akademiak

Euskararen Akademiak euskaltzain oso izendatu du Castillo Suarez idazle nafarra eta Patxi Zabaletaren hutsunea beteko du Euskaltzaindian emeritu izendatua izan baita. Ostiral honetan egin den bozketan beharrezkoa den gehiengo osoa eskuratuta, orain zortzi hilabete ditu sarrera-hitzaldia prestatzeko.

Castillo Suarez idazle nafarra euskaltzain oso izendatua izan da.
Castillo Suarez idazle nafarra euskaltzain oso izendatua izan da. (Andoni CANELLADA)

Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du ostiral honetan, Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Zabaleta emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Castillo Suarezek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Beste hautagaiak, Paula Kasaresek, uko egin dio hautagaitzari bozketa izan aurretik.

Euskaltzaindiak berak ohar bidez gogora ekarri duenez, aurtengo maiatzean Baztango udaletxean egin zen Osoko bilkuran Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Patxi Zabaleta euskaltzain osoa; izan ere, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Bilkura horretan zabaldu zen, hala berean, hautagaiak aurkezteko epea.

Uztailean hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko epea amaituta, bi aurkeztu zituzten euskaltzainek uztailaren 22an Alkizan egin zen Osoko bilkuran: hain zuzen ere, Paula Kasares eta Castillo Suárez.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Altsasuko euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo zaio.

Castillo Suarez Garcia (Altsasu, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da eta toki-administrazioko euskara teknikaria ogibidez. Bere literatura lanari etorrita, batik bat, poesia lanak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak ‘Souvenir’ (2008, Elkar), ‘Urtebetetze festa’ (2012, Elkar), ‘Irautera’ (2019, Elkar) eta ‘Elurra elurraren gainean’ (2022) izan dira.

Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da. Azkenaldian, haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, ‘Ebelina Mandarina’ (Erein, 2010). Literaturari buruzko blog bat dauka: Iparraldeko neska. Hainbat literatura sari eskuratu ditu eta bere testuetako batzuk zenbait hizkuntzatara (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa…) itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea iaztik.

Gaur egun, 22 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 145 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 96 lagun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak.