NAIZ

Irailak 1.851 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Irailaren amaieran, 142.868 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.851 gutxiago, Gobernu espainiarrak eta Lakuak eman dituzten datuen arabera. Nafarroan soilik egin du gora langabe kopuruak.

Lanbideren bulego bat, Bilbon.
Lanbideren bulego bat, Bilbon. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerio espainiarrak eta Lakuako Lan eta Enplegu Sailak astearte honetan argitaratu dituzten datuek adierazten dutenez, langabezia erregistratuak behera egin du irailean Hego Euskal Herrian.

Zehazki, irailaren amaieran 142.868 pertsona zeuden lau herrialdeotako enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.851 gutxiago.

Herrialdeka, Nafarroan soilik egin du gora langabezia erregistratuak, joan den hilabeteko datuekin alderatuta %0,73 hazita (227 pertsona). Hala, 31.188 langabe daude Nafarroan, iaz baino 1.500 gutxiago (%4,59).

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, 43 afiliatu gehiago zenbatu dituzte irailean Nafarroan, %0,01 gehiago, 300.199 izatera iritsi arte. Iazko hil beraren aldean %2,07 gehiago dira (6.090 afiliatu).

EAEn zenbatu dituzten 111.680 langabeetatik 63.021 Bizkaian daude, 19.378 Araban eta 29.281 Gipuzkoan. Bizkaian 1.218 langabe gutxiago daude aurreko hilaren aldean ( %-1,90), Gipuzkoan 592 gutxiago (%-1,98) eta Araban 268 gutxiago ( %-1,36).

Jaitsiera are nabarmenagoa da iazko datuei erreparatuta, batez ere Bizkaian, 4.909 langabe gutxiago baitaude (%-7,23), 2.146 gutxiago Gipuzkoan (%-6,83) eta 757 gutxiago Araban (%-3,76).

Gizarte Segurantzak 6.956 afiliatu irabazi zituen batez beste EAEn irailean, abuztuan baino %0,68 gehiago, eta guztira 975.890 dira. Urte arteko tasari dagokionez, kotizatzaile berriak 17.415 izan ziren, %1,82 gehiago, Gobernu espainiarrak argitaratutako datuen arabera.

Lakua eta Iruñea

Era berean, Lakuak zehaztu duenez, irailean behera egin du Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenen kopuruak (101 pertsona), 49.053ra arte. Gainera, 19.748 pertsonak aitortu dute Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV, gazteleraz), eta horietatik 10.016k osatzen dute DSBEarekin.

Zentzu horretan, Lakuak nabarmendu egin du «2008tik langabe gutxien dauden unea dela», eta «gure historiako iraileko afiliazio-zifrarik altuenarekin» itxi dutela hilabetea. Era berean, mugagabeko kontratudunen «kopururik handiena» zenbatu dute, eta «hori guztia, ziurgabetasunak biderkatu diren une honetan».

Bere aldetik, datuak «anbibalentetzat» jo ditu Carmen Maeztu nafar Gobernuko Gizarte Eskubideen sailburuak, baina azpimarratu du «egoera positiboa» erakusten dutela «negatiboa baino», eta, oraingoz, enpleguak «egonkor» jarraitzen duela.

LAB eta ELA, prekarietatearekin kritiko

LAB sindikatuak salatu du langabeziak «behera» egiten duela «prekarietatearen eta behin-behinekotasunaren hazkundearen kontura», eta, ildo horretan, ohartarazi du 2008tik hona «pobrezia nonahi» zabaldu dela, «dauden arrakaletan are gehiago sakonduz».

Bestalde, ELA sindikatuak ohartarazi duenez, «langabezia murriztu egin da irailean, enplegu prekarioaren kontura», eta, ildo horretan, adierazi du irailean sinatutako kontratuen %9,5 bakarrik izan zela mugagabea.