NAIZ

Gipuzkoako enpresen %32k uste du datozen hilabeteetan atzeraldi ekonomikoa etorriko dela

Covid-19ak eta Ukrainako gerrak sortutako krisiek eragina daukate jada Gipuzkoako enpresetan. Okerrera egin dute eskariei eta salmentei dagozkien datuak, eta egoera gaizkiagotu egingo dela aurreikusten dute enpresek.

Adegiko arduradunen agerraldia.
Adegiko arduradunen agerraldia. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Adegik egindako galdeketa batean, Gipuzkoako enpresen %80k agertu duela egungo egoera ekonomikoa normaltasunekoa edo berraktibaziokoa dela. Aldarte hau duten enpresen zenbatekoa altua bada ere, zazpi puntu jaitsi da iaztik, eta lau pasa den apiriletik. Etorkizunari begira, ezkorragoak dira: %32k uste du datozen hilabeteetan atzeraldia etorriko dela, eta egoera normaltasunekoa edo berraktibaziokoa izango dela uste dutenen portzentaia %68ra jaisten da, mailarik baxuenera 2021eko urtarrilaz geroztik (%62).

Aurreikuspenak ezkorrak dira, halaber, enpleguari dagokionean. 10,5 puntu jaitsi da plantilla handitzea espero duten enpresen ehunekoa apirilaz geroztik: soilik %15ak espero du beharginak kontratatzea. Puntu horiek beste muturreko hautura mudatu dira; %17,5ek aurreikusten du plantillan murrizketak egingo dituela, apirilean baino %10 gehiagok.

Iturria: ADEGI

Covid-19ak eragindako krisiari Ukrainako gerrarena batzeak kezkak eragin ditu Gipuzkoako enpresen artean. Lehengaien eta energiaren hornidurak nahiz prezioak kezkatzen ditu gehien, %78a, eta apirilarekiko hiru puntu jaitsi den arren, Adegik inoiz jasotako portzentaia altuena izan zen ordukoa. Atzetik kokatzen da lan-kostu handiei eta soldata igoerei lotutako kezka, hain zuzen, enpresen %42,5entzat dira arazo eta hirugarren postuan da salmenten errentagarritasunaren jaitsierari buruzko artegatasuna, %37k aipatu du.

Aipatu dira, halaber, nazioarteko ekonomiaren ahultasunaren gaineko kezka (%33), Estatu espainiarrekoarena (%27,5) eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunari dagokiona (%25,5).

Iturria: ADEGI

Eskariak eta salmentak

Enpresen kezkak badute euskarri errealik momentuko datu ekonomikoetan. Eskari maila altua dutela dioten enpresen kopurua, kasurako, 10,5 puntu jaitsi da apiriletik, %26,5ean kokatu arte. %3,5 gehiago dira, berriz, eskari maila baxua dutela diotenen portzentaia, %31 guztira. Soilik %19k adierazi du eskari maila handitu dutela (2020ko maiatzaz geroztiko daturik baxuena) eta %42,5ek dio maila «normala» mantentzen dutela.

Salmentei dagokienez, fakturazioak igotzen segitzen dute, baina apaldu egin da igoeraren erritmoa: soilik %0,8 hazi da aurreko hiruhilekoko datuaren aldean. Zerbitzuen sektoreari dagokio hazkuntzarik handiena, %2,9, atzetik kokatzen da eraikuntza (%1,1) eta industriaren sektorea ia geldirik dago, %0,2ko igoera apalarekin.

Gainera, azken hilabeteetan, salmenten errentagarritasuna jaitsi egin da Gipuzkoako enpresen %52,5entzat, mantendu egin du %44k eta %3rentzat baino ez da hazi. Industriaren sektoreak (%59k antzeman dute jaitsiera) eta eraikuntzaren sektoreak (%58,5) pairatu dute beherakada gehien eta zerbitzuen sektoreko %34,5 enpresek adierazi dute errentagarritasunak behera egin duela.

Eskariak eta salmenten errentagarritasunak behera egin bezala, goranzko joera dute hornigaien kostuek. Kostua %10,5 igo da industria sektorean, %6,5 eraikuntzan eta %6 zerbitzuetan. Guztira, enpresen %71,5ek adierazi du hornigaien prezioak garestitu direla eta igoera, bataz beste, %9,5ekoa izan da.

«Okerrera egiten jarraituko du»

Datuak ezagutzera emateko prentsaurrekoan, Jose Miguel Ayerza Adegiko zuzendari nagusiak adierazi du «egoeraren okertzea» jada iritsi dela Gipuzkoako enpresetara eta datorren egoera ekonomiko ziurgabearen inguruan ohartarazi du: «Denok galdetzen diogu gure buruari zer ekarriko digun etorkizunak. Zer gertatuko da? Ez dakigu. Ziurgabetasun handiko unea da, oso aldakorra. Hortaz, oso zaila da aurreikuspenak egitea. Baina gauza bat ziur dakigu. Gerrak jarraitzen duen bitartean, ekonomiaren eta enpresen egoerak okerrera egiten jarraituko du».