Euskal Herriko kooperatibismoari arrakalak egin eta feminismotik birpentsatzea xede

Farapi kooperatibak joan den ostegunean Lazkaon antolatu zuen “Kooperatibismo Feminista Topaketa”. Nondik abiatutakoa, nola, zein baliotan eraikia, horiek izan ziren galdera nagusiak. Eta horretarako erronka handi bat: «merkatu feminista bat sortzea».

Eragile, kooperatibista eta elkarte ezberdinetako emakumeak hausnartzen, Lazkaon egindako Kooperatibismo Feminista                           Topaketan.
Eragile, kooperatibista eta elkarte ezberdinetako emakumeak hausnartzen, Lazkaon egindako Kooperatibismo Feminista Topaketan. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ostegunean Kooperatibista Feministaren inguruko lehen topaketak egin zituzten Lazkaon Farapi Kooperatibak antolatuta, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Kooperatiba, eragile eta elkarte ezberdinetako 50 bat kide elkartu ziren Biziolan, Goierriko ekonomia sozial eraldatzailea bultzatzeko ireki berri den espazioan. Kooperatibismo feminista definitzen ahalegindu ziren, Araitz Rodriguez Farapiko kidearen ustez, «oraindik arakatzeke» dagoen eremua baita. Erronken eta potentzialitatearen inguruan ere hausnartu zuten: «Merkatu feminista bat sortzea».

Ekonomia sozial eraldatzailetik sortzen ari diren diskurtsoetan, kooperatibismo feminista ahoz aho ibili da azken aldian, «olatu» bat dagoela ere plazaratu izan da, Farapiko kideen arabera. Hori horrela denik, ordea, ez dute horren argi: «Guk olatu hori zegoela zalantzan jartzen genuen. Badaude praktika feministak, eta kooperatibista feministak edo eragileak, baina zalantza egiten dugu mugimendu bat dagoenik». Batetik kooperatiba feminista definitzeko markoa zein den argitu behar dela, eta bestetik subjektua zein den eztabaidatu behar dela uste du Rodriguezek. Eremu horietan aurrera urratsak egiteko antolatu zituzten Topaketak; eta parte-hartzaileak gonbidatzerakoan, «gaiak interes adina beldur» sortzen zuela sumatu zuten.

Beldurra jakin minarekin, baina ez jakintasunarekin, lotu zuten. Euskal Herriko eta kanpoko esperientzia ezberdinak aztertu dituzte, esperientziak partekatu. «Denok biribilgune berdinean bueltaka gabiltza, eta hori jakiteak beti bake pixka bat ematen du», aitortu zuen Rodriguezek, eta irteeren bila abiatzeko unea dela azpimarratu.

Abiapuntuan, markoa kolektiboki eraikitzea garrantzitsua da Rodriguezen ustez: «Hemendik ez dugu atera nahi kooperatiba atseginago batzuk nola egin pentsatuta; hori ez da kooperatiba feminista, hori beste gauza bat da. Aldarrikatzen ari garena ekonomia egiteko beste modu bat da. Feminismoak sistema hau kolokan jarri du; ekonomia eta lan harremanen mundua irauliko duen ereduaz ari gara».

Bestelako eredu bat mahai gainean jartzea ez da erronka makala, eta egungo ereduari bestelako ikuspegiak txertatzerakoan ere erresistentziak izaten dituzte parez pare. Rodriguezen arabera, oztopoak izatea «normala» da, egungo ekoizpen eta merkatu ereduarekin jarraitu ezin dela aldarrikatzen dutelako: «Ez da jasangarria ez pertsonentzat, ez Euskal Herriarentzat, ez munduarentzat».

Kooperatibismo feminista

Lau multzotan banatu dituzte jasotako erantzunak markoa osatzeko: ulerkera, egitea, izatea eta eragitea.

Ekonomia feministan oinarritzen dira kooperatibismo feminista ulertzeko, prozesu dinamiko bezala. Etengabe birpentsatu behar baita zein den ikuspegia, nola bihurtu ikusgarri ikusezina dena, eraldaketa ekonomikorako eman beharreko urratsak… Izatearen inguruan hitz egiterakoan «hezurduraren» inguruan hitz egiten dabiltzala argitu zuten, hain zuzen ere forma juridikoaz, ekonomia demokratizatzeaz, birbanaketaz edota gobernantza partekatzeaz. Eta batez ere, hori guztia zein begiradetatik egiten dugun.

Egitea izan zen ostegunean interes gehien sortu zuen gaia, eguneroko praktikari gehien lotutakoa delako: «Gure egiteko moduek kapitalismoak eta patriarkatuak ezarritako moduak desegonkortzera etorri behar dute, eta kooperatiba bizigarriak izateko apustua dugu». Horretarako, jadanik martxan dauden praktika feministak elkarbanatu zituzten. Esate baterako, lan produktiboa ez dena bistaratzea; edota lehentasun gisa bizitza antolatzea eta horren baitan sartzea lanaren antolaketa, eta ez alderantziz.

Eragiteari garrantzi berezia ematen diote. Eztabaidan zehar kanpora bezainbeste barrurantz eragin behar dela adierazi zuten; norekin eta zertarako saretu eta artikulatu hausnartu zuten. Eta batez ere Mugimendu Feministarekin elkarlana nola egin eta erronka partekatuak ikuspegi ekonomikotik nola landu pentsatzen aritu ziren. Hiru eragite esparru nagusi identifikatu zituzten: jendartearengan eragin, feminismoan eragin eta baita ekonomian ere.

Praktikara jauzia

Rodriguezen ustez, «merkatu kapitalistak ez digu balio ditugun helburuetarako eta eredu ekonomikorako. Beste merkatu bat sortu behar dugu, eta testuinguru egokian kokatzen gara: feminismoak ibilbide bat du Euskal Herrian, beste indar bat».

Euskal Herri mailako dimentsioa izan dezakeen hausnarketa-gune, sare, praktika… «edo dena delakoa» bultzatzea dute erronka, esperientzia mikroak beste herrialdeetara estrapolatzea eta zazpi lurraldeetarako tresnak sortzea.

Horretarako, kide ezberdinekin hausnartzen eta bidea egiten jarraitu behar da, Rodriguezen iritziz. Eremu askotako kideek parte hartu zuten osteguneko topaketan: hezkuntza mundukoek, industriakoek, aholkularitzan dabiltzanek, saltoki txikietakoek… Rodriguezek autokritikarako tartea hartu zuen: «Bi eremu garrantzitsu falta zaizkigu; ez dugu lortu behar beste hurbildu eta erakartzea: emakume migratzaileak eta nekazaritza eremuko emakumeak». Aurrerantzean arlo horietara iristeko apustua egingo dutela adierazi zuen.

Kooperatibismoaren munduko izen garrantzitsu bat ere falta zen topaketan, Mondragon Kooperatiba. Unibertsitateko pare bat kidek parte hartu bazuten ere «Euskal Herri mailan dagoen kooperatibarik handienetakoa, ezagunena, eskola oso bat sortu duena, ez da interpelatuta sentitu. Hori ere erresistentziaren keinu da», adierazi zuen Rodriguezek.