NAIZ

Hizkuntza-politiketan eragiteko Batuz Aldatu dinamikaren lehen biltzarra izan da Donostian

Ehun eragile baino gehiago biltzen dituen Batuz Aldatu, hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun sozialaren ordezkariak, lehen aldiz bildu da larunbat honetan Donostian. 2021eko ekainean sortu zen eta helburua euskararen erabilera erosorako baldintzak sortu eta bermartzea da.

Batuz Aldatu dinamikaren sinatzaileen batzarra, Donostian.
Batuz Aldatu dinamikaren sinatzaileen batzarra, Donostian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Donostiako Parke Teknologikoko auditorioan batu dira larunbat honetan Batuz Aldatu dinamikaren baitan dauden ehundik gora eragileetako ordezkariak, sinatzaileen Lehen Biltzar Nagusia egiteko. 2021ko ekainean sortu zenean hizkuntza politiketan eragiten euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzeko, bi konpromiso hartuta: eremuz eremu hizkuntza-politiketako lehentasunak identifikatzea eta adostasun soziala adostasun politiko bihurtzeko bideak jorratzen hastea.

Euskalgintzaren Kontseiluaren ekimena da. Hau lortzeko Talde Eragilea aurkeztu dute, honako eragileok osatuta: AEK, Agirre Lehendakaria Center, Athletic Fundazioa, Bizipoza Bilgunea, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Ikaskuntza, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Mondragon Korporazioa, Nafar Ateneoa eta Zabalik elkartea.

Paul Bilbaok Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez, «Batuz Aldaturen aniztasuna ederki islatzen duen taldea da, eduki zehatzen gainean adostasun eta aliantza berriak eraiki daitezkeela islatzen duen taldea».

Talde Eragilearen izenean Nafarroako Ateneoko eta Gazte Euskaltzaleen Sareko ordezkariak aritu dira. Erronka berriari «pozik eta erantzukizunez» erantzungo diotela adierazi dute. Izan ere, esan bezala, «zinez» uste dute bidea egiten ari direla, «pausuz pausu, baina urrats irmoen bidez», eta helburu «handi bezain ilusionagarri» bati jarraituz. Haien ustetan, eragileen bat egiteak «euskaraz eroso bizitzea ahalbidetuko duen agertokia» ekarriko du.

Hainbat eremutan eragin

Gainera, Batuz Aldatu dinamikaren hainbat sinatzailek eremuz eremu hizkuntza-politiketan dauden lehentasunak eta neurriak zehaztu dituzte. Administrazioan, herritarrei zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea bermatzeko epemuga zehaztea; hezkuntzan, ikasle guztiei gaitasun egokia bermatuko dien ikaste eredu orokortua abian jartzea; hezkuntza ez-formalean, administrazioak kudeatzen dituen aisialdi eta kirol jarduerak euskaraz izatea; helduen euskalduntzean, doakotasunaz gain helduen euskalduntzearen eta alfabetatzearen agentzia sortzeko urratsak egitea; eremu sozioekonomikoan, herritarrei zerbitzua emateko denean, administrazioarekin egiten diren kontratuetan hizkuntza irizpideak ezartzea, zerbitzu hori euskaraz eman ahalko dela ziurtatzeko; eremu digitalean, edukiak ugaritzeko, sorkuntza sustatu dezaketen inbertsioak ugaltzea (bekak, lehiaketak eta laguntza-zuzenak), eremu honetan euskarazko erabilera areagotzeko helburua ezarriz; kultur arloan, sortzaileari langile-eskubideak aitortuko dizkion estatusa berariaz garatzea edota euskarazko kultur sorkuntzaren produkzioarentzat inbertsioak handitzea; eta hedabideen esparruan, finantzazio-sistema egonkorra eta euskarazko ikus-entzunezkoen presentzia bermatzea euskarri desberdinetan.

Halaber, aurten martxan jarri diren dinamikak azaldu dituzte. Esate baterako, EAEn Hezkuntza Lege berriaren testinguruan abian jarri den dinamika, Nafarroako Hezkuntza Itunari ekarpenak egiteko prozesua, gehiengo sindikalarekin EAEko administrazioa euskalduntzeko lanketa edota Hego Euskal Herrian enpresetan euskararen aldeko konpromisoak har ditzaten abiatu berri dena.

«Zalantzarik ez dugu; elkarrekin eraginez gero, emaitza are hobeak erdietsiko ditugu. Izan ere, hizkuntzaren aferan denok dugu zer egin eta zer esan. Garrantzitsua da eragile guztiek hizkuntzaren ikuspegia ere txertatua izatea. Eta horretaz gain elkarrekin eragiteko espazioak eraikitzen baditugu, askoz ere errazagoa izango da hizkuntza-politiketan eragitea, adostasun sozialetatik adostasun politikoetara jauzi egitea» berretsi du Kontseiluko eledunak.

Bukaeran, dinamikari atxiki diren eragile berriei ongi etorria egin diete. Hots, Ekonomisten Euskal Elkargoari, GaurGeroari (Euskal Herriko Jubilatu eta Pentsionisten Elkartea), Gazte Euskaltzaleon Sareari, Gipuzkoako Abokatuen Elkargo Prestuari, HiTZ-i (Euskal Teknologiako Zentroa), Lanarteari (Euskararen Langile Profesionalen Elkartea), Pantailak Euskarazer taldeari, Sukar Horiari, UZEI zentroari, Xake Espazioari eta XUTI Ipar Euskal Herriko gazteen erakundeari.