Ion Salgado

Hizkuntza eskubideekin loturiko 239 urraketa jaso zituen iaz Lakuak, gehienak esparru publikoan

Lakuako Gobernuak astearte honetan onartu du Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2021eko txostena. Hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 239 intzidentzia jasotzen dira bertan; gehienak (%83,7), esparru publikoan gertatutako urraketak dira.

Euskaraz bizitzearen aldeko bandera, artxiboko argazki batean.
Euskaraz bizitzearen aldeko bandera, artxiboko argazki batean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Hizkuntza eskubideen urraketekin loturiko 239 intzidentzia jaso zituen iaz Lakuako Gobernuak, aurreko urtean baino 31 gehiago. Hala jasotzen da astearte honetan onartu den Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2021eko txostenean.

Gasteizko Gobernuak azaldu duenez, guztira 277 intzidentzia jaso ziren, baino horietatik 18 baliogabetu egin ziren aurreko baten errepikapena edo errakuntzak zirelako. Gainontzeko 259 intzidentzietatik 20 ez ziren onartu, intzidentzia izapidetzeko oinarri juridikorik ez zegoelako.

Izapidetutako intzidentzia guztien artean, 227 kexak izan ziren, eta horien artean 224tan (%98,7) urraketa euskara erabiltzeko eskubidearekin lotuta egon zen; beste hiru kasutan eskubide urraketa gaztelaniarekin lotuta egon zen. Kexa guztien %83,7 (190 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak ziren, eta %16,3 (37 kexa) esparru pribatuari zegozkion. Gainontzeko intzidentziak kontsultak (5), eskaerak (4) eta iradokizunak (3) izan dira.

2021. urtean zehar Elebide zerbitzura zuzendu diren intzidentzien %61,8 (160 intzidentzia) gizonezkoek aurkeztu dituzte eta %28,6 (74 intzidentzia) emakumezkoek. Gainerako intzidentziak, 25, erakunde publikoek zein pribatuek aurkeztu dituzte.

Kexa guztien %83,7 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak izanik, nabarmendu behar da kexa horien guztien artean gehienak EAEko Administrazio Orokorrari (%53,7) eta Toki Administrazioari (%23,7) lotuta izan zirela.

Erakunde publikoak

EAEko sektore publikoaren aurkako kexei erreparatuz, 53 Lakuaren arau urraketen salaketak izan ziren, eta 49 Gobernuaren erakunde eta sozietate publikoek jasotako kexak dira.

Foru aldundien kontra aurkeztutako kexen kasuan, 2021ean 2020an zehar baino salaketa gehiago jaso dira, 6 gehiago, hain zuzen ere. Igoera hau Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan gauzatu da: Bizkaiko Foru Aldundian kexak 2020an 5 izatetik 2021ean 12 izatera pasatu dira eta Gipuzkoakoan kexarik ez izatetik bat izatera pasatu baitira. Arabako Foru Aldundian, ordea, 4 izatetik 2 kexa izatera pasatu da.

Toki administrazioei dagokienez, 45 kexa jaso ziren, aurreko urtean baino 9 gutxiago. Arabako udalek 2 kexa jaso zituzten 2021ean, 2020an baino 8 gutxiago. Bizkaiko udalei eta haien menpeko erakundeei dagokienez, 43 kexa jaso zituzten guztira 2021ean, 2020an baino 8 gehiago. Azkenik, Gipuzkoako udalak 2020an 9 kexa jasotzetik 2021ean bat ere ez jasotzera pasatu ziren.

Espainiar Estatuko Administrazioari eta haren erakundeei eta sozietateei zuzendutako kexak 23ra igo ziren –2020an 13 izan ziren–.

Esparru pribatuari dagokionez, 37 kexa jaso ziren 2021ean, aurreko urtean baino 9 gehiago. Urraketak arlo hauetan gertatu ziren: zerbitzu unibertsaletan eta interes orokorreko zerbitzuetan (22); kultura, kirola eta aisia (4), merkataritza (4), finantzak eta aseguruak (3), hezkuntza (1) eta osasuna (1)

Kexen tipologia

Kexen tipologiari dagokionez, 59 kexa idatzizko harremanetan gertatzen diren urraketen ondorioz jarri ziren, kasu gehienetan salatzeko erakundeek gaztelania bakarrik erabili zutela herritarrekiko harremanetan.

Ahozko harremanetan izaten diren urraketei dagokienez, 54 kexa jaso ziren; horietan herritarrek nagusiki adierazi zuten euskaraz artatuak izateko eskubidea urratu zitzaiela. Horrez gain, 24 kasutan salatu zuten hizkuntza eskubideak, bietara, ahoz zein idatziz urratu zirela.

Hizkuntza paisaian antzeman daitezkeen urraketak 37 izan ziren 2021ean. Kexa horiek bideetan eta jendaurrean gaztelania hutsean jarritako kartelei, trafiko seinaleei eta kale zein laneko seinaleei egiten zieten erreferentzia gehienbat. 3 kasutan salatu zen erakunderen batek urraketa egin zuela, bai herritarrekiko ahozko zein idatzizko harremanetan, bai hizkuntza paisaian. Eta 40 izan ziren Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeen urraketak, 2020. urtean baino 17 gehiago.

2021ean izapidetutako 227 kexetatik 117k (%51,5) irtenbide egokia izan zuten. 102 kexa (%44,9) izan ziren irtenbiderik gabe itxi zirenak, erreklamatuak Elebidek bidalitako jakinarazpenei erantzun ez izateagatik. Azkenik, 8 kexak (%3,5) ez zuten irtenbiderik izan, herritarrak erreklamatutako entitateak emandako erantzuna ez zuelako onartu.