NAIZ Irratia
Entrevista
Zuriñe Rodriguez
Zaballan hilda agertu zen Malek-en senidea

«Malek oso txarto zegoen eta ez zen bere burua hiltzen saiatu zen lehen aldia»

Zaballako espetxean hilda topatu zuten Malek gaztea aurretik ere bere buruaz beste egiten saiatu zen, Zuriñe Rodriguez haren senideak NAIZ Irratian azaldu duenez. Azkenaldian emozionalki «oso txarto» zegoela esan eta autokritika eskatu du, suizidioa saihesteko protokoloek ez dutelako funtzionatu.

Audio_placeholder

«Malek oso txarto zegoen eta ez zen bere burua hiltzen saiatu zen lehen aldia»

Loading player...
Zaballan hildako bosgarren presoaren ondoren egin zen protesta.
Zaballan hildako bosgarren presoaren ondoren egin zen protesta. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Malek 22 urteko aljeriarra 14 urterekin iritsi zen Euskal Herrira. Hainbat urte atzerriko adin txikikoentzako zentroetan igaro ondoren, 18 urterekin kalean geratu zen eta ordutik bertako familia batekin bizi zen, duela bi urte hainbat «gauza» gertatu eta espetxeratu egin zuten arte. Herenegun, goizeko 8.00etan, Zaballan zegoen isolamendu ziegan hilda aurkitu zuten kartzelariek, bere buruaz beste eginda.

Zuriñe Rodriguez haren senidea NAIZ Irratian izan da eta bertan azaldu duenez espetxetik «dei oso aseptiko» bat jaso zuten heriotzaren berri emateko, «hilda zegoela, autopsia egingo ziotela», eta «bost minutura» berria komunikabideetan zegoen. «Shock horretan informazio gehiago topatu genuen egunkarietan guri emandakoa baino». 

Esan duenez, hasiera batean zehaztapen gutxi jaso bazuten ere, azken 24 orduetan «informazio asko» eman diete, «tematiak izan garelako eta kontaktuak genituelako».

Malek-ek isolamendu ziegan hil zuen bere burua baina ez zioten aplikatu suizidioak saihesteko protokoloa. Ildo horretan, «esanguratsua» iruditu zaio Rodriguezi Lakuako Gobernuko bozeramaileak eta «bildu garen jendeak» adierazi izana harrituta zeudela «ez zutelako espero» bere buruaz beste egitea, suizidioak saihesteko protokoloan ez zegoelako.  

«Ez zen lehen aldia»

Zuriñe Rodriguezek kontatu duenez, ordea, Zaballatik deia jaso zutenean «ez ziguten esan sikiera ‘hilda dago’, esan zigutenean notizia bat eman behar zigutela guk bagenekien hori zela», izan ere, «azken boladan bera oso txarto zegoen emozionalki, izugarrizko depresioan sartuta, kontsumoak zituen eta guk bagenekien aukera hau bazegoela», aurretik ere bere burua hiltzeko saiakerak egin zituelako. «Ez zen lehenengo aldia». 

«Protokoloa ez egoteak ez du esan nahi ondo dagoenik, igual esan nahi duena da barruan dituzuen protokoloek kasu honetan ez dutela funtzionatu, ez duzuela ikusi zer gertatzen ari zen», halaxe jakinarazi zieten espetxeko arduradunei. Horregatik, gertatutakoaren inguruan autokritika egiteko eskatu du.

Rodriguezek, nolanahi ere, profesionalen aldetik jasotako laguntza eskertu du.

«Topatu ditugun profesionalek, gurekin azken egunetan egon direnek, izugarrizko inplikazio pertsonal eta humanitarioa izan dute eta hori oso inportantea izan da, amak uneoro itzultzailea izatea eta lortzea iman bat etortzea hilobiratzea modu islamikoan emateko», nabarmendu du. Espetxeko medikuarekin eta Zaballako zuzendaritzarekin biltzeko aukera ere izan dutela azaldu du, eta «oso tratu ona» jaso dutela erantsi.

Gorpua Aljeriara eramateko laguntzarik ez oraingoz

Gaztearen guraso eta anai-arrebak Europako beste herrialde batean bizi dira orain eta berri txarra jakin bezain pronto Euskal Herrira etorri ziren. Gorpua Aljeriara eraman nahi dute han agurra eman eta lurperatzeko, eta erakundeei laguntza eskatu diete horretarako, baina Lakuako Gobernutik ezezekoa jaso dute.

Beste motako laguntza batzuk jaso dituztela –psikologikoa, itzultzailea...– azaldu du, baina ez gorpua aberriratzeko. «Zupiriak esan zuen laguntzeko prest zeudela; jarri digute laguntza psikologikoa, itzultzailea, eta hori eskertu nahi dugu, baina esan digute beilarako gastuak bakarrik posible direla gorpua Euskal Herrian geratzen bada».

Familiak gorpua Aljeriara eramateko modurik baduen galdetuta, zorrotz erantzun du: «Pobrea da familia, ume batek ez du Mediterraneoa gurutzatzen eta arriskatzen dirua baldin badu».

Hala ere, itxaropena badute datozen orduotan Justizia Departamentuak eta Gobernuak jarrera aldatuko duten, baina denboraz estu dabiltzala ere aitortu du. «Gaur hartu behar dugu erabakia, ordu batzuk baino ezin dira pasa».

«Familiak doluan zentratuta egon behar du orain; erakunde publiko batean hil da, erakunde horrek badu erantzukizuna heriotza horretan. Konpromiso eta humanitate politikoa espero genuen, baina biziki triste gaude horrekin», deitoratu du.

Martutenen hildako presoaren familia gogoan

Martutenen atzo bertan hil zen presoaren familiari besarkada bat bidali nahi izan dio Rodriguezek eta espetxe politikaren inguruko hausnarketa ere utzi du elkarrizketa bukatzeko. «Guri bizitza apurtu zaigu baina egoera estrukturala, politikoa da, espetxean ezin da jendea hil. Horri begiratu behar diogu eta daukagun espetxe politikari buelta eman behar diogu, ze Malek ez da izan Zaballan hil den lehena».