NAIZ

Bidasoak Sladkowski Poloniako pibot gaztea fitxatu du hurrengo bi denboraldietarako

Kluba eta jokalaria aurreakordio batera iritsi dira fitxaketa gauzatzeko. Hurrengo bi sasoietan egongo da Bidasoan, eta beste bi denboraldi gehiago luzatzeko aukera izango du. Pibota Poloniako selekzioarekin aritutakoa da junior mailan. Lehen taldean eta bigarrenean jokatuko du, beharren arabera.

Jakub Sladkowski Bidasoakoak fitxatu berri duen jokalari gaztea.
Jakub Sladkowski Bidasoakoak fitxatu berri duen jokalari gaztea. (Bidasoa Irun)

Bidasoa Irunek Jakub Sladkowski Poloniako jokalari gaztea fitxatu du hurrengo bi denboraldietarako, eta beste bi luzatzeko aukerarekin. Hala jakinarazi du gaur klubak sare sozialen bitartez. Lehen taldean eta bigarrenean jokatuko du, beharren arabera.

Pibotak 1,97 zentimetroko altuera du, eta 104 kilo pisatzen ditu. Gornik Zabrze Poloniako taldean jokatzen du egun, eta pasa den denboraldian Poloniako ligan lehen taldearekin debuta egin zuen. Poloniako selekzioarekin aritutakoa da junior mailan, eta iaz jokatu zuen Europako txapelketa Montenegron.



Klubak adierazi duenez, azken urteotan Euskal Herrian «talentu handia» duten jokalariak «hezten» ari dira, eta adibideak jarri dituzte: Gorka Nieto, Eneko Furundarena eta Julen Mujika, besteak beste.

Poloniako jokalari gaztearen fitxaketa, hain justu, norabide horretatik doa: «Sladkowski fitxatzean beste urrats bat eman dugu, eta nazioartean talentu gazteak erakartzeko, eta hona ekartzeko gai garela erakutsi dugu». Lan horretan, klubak «ezinbestekotzat» jo du Julen Aginagalde kirol zuzendariaren lana.