NAIZ
Donostia

Metalgintzako akordioarekin Adegiren estrategiari «alfonbra gorria» jarri dio ELAk, LABen ustez

Gipuzkoako Metalgintzan sinatutako akordioarekin ELAk eta UGTk sektoreko langileentzat «hitzarmen hobe baterako aukera zapuztu» dutela deritzo LABek, Adegiren proposamena «erosita».

Gipuzkoako Metalgintzako LABeko ordezkariak, Donostian eskaini duten agerraldian.
Gipuzkoako Metalgintzako LABeko ordezkariak, Donostian eskaini duten agerraldian. (Maialen ANDRES | FOKU)

LABek agerraldia egin du Donostian, Gipuzkoako Metalgintzan ELAk eta UGTk Adegirekin sinatu duten akordioaren balorazioa egiteko.

Gogor mintzatu dira sindikatu abertzaleko ordezkariak bi sindikatu horien aurka eta batez ere ELAren kontra: «Adegiren lehen proposamena erosi dute eta, aldi berean, Gipuzkoko Metaleko langileak hitzarmen hobe baterako aukerarik gabe utzi dituzte. Amaitu da borroka, hasi baino lehen. Desmobilizazioaren aldeko apustua egin dute bi sindikatuek».

LABen ustez, ELAk eta Adegik negoziazio prozesu formala hasi aurretik «amaiera idatzia» zuten eta Mitxel Lakuntzak gidatzen duen sindikatuak «bidelagun merkeena aukeratu du, UGT, bere helburuak aurrera ateratzeko», nahiz eta negoziazio mahaian ez den %10era iristen.

Defendatu duenez, «LABek beti irizpide berdina mantentzen du, bakoitza dagokion portzentaiarekin negoziazio mahaietan egotea. Aldiz, ELA eta koherentzia ez dira ongi ezkontzen, batzutan balio ez duenak beste batzutan balio die, lekuan leku eta interes propioen arabera».

«Norabide berean arraunean»

Metalgintzako hitzarmenak «ELA eta Adegiren arteko aliantza» berresten du LABen iritziz. Duela gutxi elikagaien industriako merkataritzan lortutako hitzarmena aipatu du adibidetzat, non «grebarako 24 ordu faltan sinatu zuten akordioa». «Patronalak esan du, elkarrekin eta norabide berean ari dira arraunean», nabarmendu du.

LABen arabera, Adegik gatazka «desaktibatu» nahi du eta ELAk «bake soziala oparitu dio». «Uko egin dio langileak aktibatzeari, desmobilizazioaren aldeko apustua egin eta akordio hobe bati uko egin diote... horren atzean zer dagoen ELAk azaldu beharko du. Gipuzkoako langileen etorkizuna hipotekatzean ari dira», egotzi dio.

Horrekin batera, Adegi patronala nagusia ez den alorretan ELAk sustatutako grebak badirela gogora ekarri du, baina Adegi nagusi den negoziazio mahaietan «ELAk uko egin dio mobilizazioari: elikadura, ostatuen hitzarmenean ere greba ekidin dute eta gozogintza eta okindegiko hitzarmenak greba deialdirik gabe sinatu dituzte».

Araba eta Bizkaiko aurrekariak

LABek Araba eta Bizkaiko Metalgintzan izan diren borrokak jarri ditu aurrekaritzat eta guztietan sindikatu abertzalea «erabakigarria» izan dela nabarmendu du, bi herrialde horietan «CCOO eta UGT borrokara batzea» lortu duelarik.

«Sektore hitzarmenen aldeko borrokan, giltza izan gara kasu guztietan. Eta Adegik ere, ongi irakurri du borroka horiek utzitako mezua. Gatazka ekidin nahi izan du, eta ELA topatu du bidean. Aliantza horrek, Adegiri egiten dio mesede. Zatiketa sindikala sustatzen du eta langileak ahultzen ditu, desaktibazioa bilatuz, negoziazio kolektiboa ahulduz. ELAk alfonbra gorria jartzen dio Adegiren estrategia honi», erantsi du.

Akordio «onak» lortzeko «borroka eraginkorrak» beharrezko jo ditu: «Hor dago eta egongo da LAB. Grebak deitu, landu eta egiten», amaitu du.