NAIZ

Elhuyar Zientzia Azokak zortzi proiektu saritu ditu aurtengo edizioan

Sariek beste azoketara joateko aukera ematen diete. Aipagarria da Loiuko Lauro ikastetxeak hiru sari eskuratu dituela. Azokan 60 ikastetxetako 700 ikaslek hartu dute parte, eta ez Euskal Herrikoak bakarrik.

Elhuyar Zientzia Asteko talde saridun bat.
Elhuyar Zientzia Asteko talde saridun bat. (EZA)

Elhuyar Zientzia Azokako aurtengo edizioari amaiera eman diote gaur eguerdian Bilboko Areatzan, sari-banaketarekin.

Aurtengo Elhuyar Zientzia Azokak 3 egun iraun du, ekainaren 2tik 4ra, eta Bilboko Areatzan egin da. Bertan 200 proiektutik gora egon dira ikusgai eta 60 ikastetxetako 700 gaztek hartu dute parte. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Estatu espainoleko eta nazioarteko azoketako saridunak ere izan dira.

Zoztzi kategoriatan banatuta, honakoak izan dira irabazleak: Arratia BHI ikastetxeko ‘Mendikateak eraikiz’ proiektuak jaso du Ciencia en Acción-en parte hartzeko aukera; Muskizeko CF Somorrostro ikastetxeko ‘Ba al dakite kontatzen landareek?’ proiektuak jaso du Galiciencia azokan parte hartzeko aukera; Loiuko Lauro ikastolako ‘Butroetxe’ proiektuak jaso du Galiziako Open Science Cambre azokara joateko aukera; Loiuko Lauro ikastetxeko  ‘Marterako bidaiariak’ proiektuak jaso du Feria de la Ciencia de Granada azokan parte hartzeko aukera; Gernikako San Fidel ikastetxeko  ‘Aurrezpen-sistema komunitoarioa kiroldegietan’  proiektuak jaso du Galiziako Ciencia en la calle azokara joateko aukera; Zornotzako Lauaxeta ikastolako  ‘Ekonomia zirkularra erabiliz, moluskoen oskolekin egindako material berria’  proiektuak jaso du Kataluniako Expo-recerca azokara joateko aukera; Coruñako IES Rosalía de Castro ikastetxeko  ‘Muñeca De Reanimación’  proiektuak jaso du Portugalgo Mostra Nacional de Ciencia Portuguesa azokan parte hartzeko aukera; eta Loiuko Lauro ikastolako ‘Mikroplastikoen eragina indaba landareen hazkuntzan’ proiektuak jaso du Italiako I giovani e le scienze azokara joateko aukera.

Egindako lan onagatik, zenbait mailatako beste 18 taldek ere Elhuyar Zientzia Azokaren aipamena eta sareko ikerketa-zentroetan egiteko egonaldiak eskuratu dituzte.

Elhuyar Zientzia Azokaren helburua gazteen artean zientziarekiko zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea da, eta ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere. Aurten, hain zuzen, 1.450 gaztek parte hartu dute (haietatik, %52 neskak, %45 mutilak eta %3 ez-binarioak), eta 79 ikastetxek.

Ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute Azokan. Eta azpimarratzekoa da, gainera, proiektu honekiko urtero erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitate eta zentro teknologikoetako 244 ikertzailek (haien artean,138 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko eta azken faseko ebaluatzaile-lanak egiteko.