
Boris Lojkinek zuzendutako ‘L’Histoire de Souleymane’ (Estatu frantsesa, 2024) filmak lortu zuen Film Luze Onenaren Publikoaren Saria ostiral honetan itxiko den Donostiako Giza Eskubideen 22. Zinemaldian. Filmak hainbat sari jaso ditu aurretik ere Cannesko zinema jaialdian eta zenbait Cesar sari ere eskuratua da. Protagonistaren rola Abou Sangare antzezle ez profesionalak jokatzen du, eta filma hein batean bere bizipenetan oinarritua dago: drama soziala eta migrazioaren ataka uztartzen ditu filmak eta, Pariseko kaleak bere bizikletarekin zeharkatuz janaria banatzen aritzen den Souleymanen istorioa kontatzen du. Egun gutxi barru asilo eskaera egiteko elkarrizketa egingo diote, baina bera ez da prest sentitzen.
Bere aldetik, Luciana Kaplanen ‘Tratado de invisibilidad’-ek (Mexiko, 2024) jaso du Film Luze Onenaren Amnesty International Saria. Epaimahaiaren iritziz, «filmak agerian uzten du, zorroztasun estetikoarekin eta maila zinematografiko handiarekin, emakume horien esplotazioa eta egoera horrek eragiten duen eskubide-urraketa».
Ione Ituarte kultur ekitaldien ekoizleak, Kristina Zorita kazetari eta zinemagileak, eta Miguel Angel Ramos, Javier Maura eta Itziar Zeberio Amnesty Internationaleko ordezkariek osatutako epaimahaiak aipamen berezia ‘Waves’ (Vlny, 2024) filmari ematea erabaki du, Txekiar Errepublikako eta Eslovakiako koprodukzio honek «Pragako Udaberrian adierazpen askatasunaren aldeko borrokari heldu diolako, gaur egun ere mehatxupean dagoen eskubideari, alegia».
«Naparra»ren bilaketa lanari buruzko filmari euskal saria
Bestalde, Ali Reza Shah Hosseiniren ‘Black Scarf’ (Iran, 2024) filmak Film Labur Onenaren Gazte Epaimahaiaren Saria irabazi du, eta Iñaki Alforja eta Iban Toledoren ‘16060 egun’ (2024) filmak, berriz, Euskal Film Labur Onenaren EITB Saria, aurten lehen aldiz banatu dena. Laburmetrai honek 1980. urtetik desagerturik dagoen Jose Miguel Etxeberria Alvarez «Naparra» Landetan aurkitzeko bigarren saiakera jasotzen du, Eneko anaiaren ikuspegitik.
Ostiral honetan egingo da itxiera gala Victoria Eugenia antzokian, eta bertan jasoko du Giza Eskubideen Saria Helena Taberna zinemagileak. Taberna orain gutxi elkarrizketatu genuen 7K astekarirako.

Homenaje a Germán Rodríguez con actuación sorpresa de Rozalén

Y la música obró el milagro sanferminero: un kaiku en plena cuesta de Santo Domingo

La peineta de Morante; el torero de Vox se encara con el tendido reivindicativo de Iruñea

Hallan el cadáver de un iruindarra en el río Urumea en Donostia
