NAIZ

Agniezka Holland, Desplechin, Winocour eta Milagros Mumenthaler, Urrezko Maskorraren lehian

Zinemaldiak Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileak Sail Ofizialean lehiatuko direla iragarri du. Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren ‘Maspalomas’ eta Alauda Ruiz de Azuaren ‘Los domingos’ izango dituzte lehiakide.

Agnieszka Holland zinemagilearen ‘Franz’ filmeko fotograma.
Agnieszka Holland zinemagilearen ‘Franz’ filmeko fotograma. (DONOSTIAKO ZINEMALDIA)

Atzera kontaketa hasi du Zinemaldiak eta apurka ari da iragartzen irailaren 19tik 27ra ospatuko den 73. edizioan parte hartuko duten filmeen izenburuak. Astearte honetan Sail Ofizialean Urrezko Maskorraren lehian arituko diren bost tituluren berri eman du: Arnaud Desplechin, Kentaro Hirase eta Yutaro Seki, Agnieszka Holland, Milagros Mumenthaler eta Alice Winocour zinemagileen azken lanak. Hauek aurrez iragarritako beste lau filme izango dituzte aurrez aurre, tartean bi euskal ekoizpen: Alauda Ruiz de Azuaren ‘Los domingos’ eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren ‘Maspalomas’.

Arnaud Desplechin (Roubaix, 1960) lehen aldiz izango da Sail Ofizialean, ‘Deux pianos’ lanarekin. Film horreko protagonista bere sorleku Lyonera bueltatzen den pianista bertutetsu bat da, ezinezko maitasun-istorio bat biziko duena. Antzezleen artean ageri dira François Civil, Nadia Tereszkiewicz, Charlotte Rampling eta Hippolyte Girardot. ‘La Sentinelle’ (1992) filmarekin debuta egin ondotik, zinemagile frantziarra behin baino gehiagotan lehiatu da Cannesen eta beste nazioarteko zinema-jaialdi batzuetan. 2009an Zinemaldiak ‘Rois et reine’ (2004) filma programatu zuen ‘Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena’ atzerabegirakoan; Perlak sailean, berriz, ‘Trois souvenirs de ma jeunesse’ (2015) lana berreskuratu zen, Quinzaine des Cineastes-etik igaro ondotik; ‘Spectateurs!’ (2024) lana, azkenik, Zabaltegi-Tabakaleran eman zen, aurretik Cannesen lehiaketaz kanpo programatuta egon eta gero.

Kentaro Hirase (San Frantzisko, 1986) eta Yutaro Seki (Kanagawa, 1987) zinemagile bikoteak —aurretik ‘Miyamatsu to Yamashita/Roleless’ (New Directors, 2022) zuzendu zuten Masahiko Satorekin batera— bigarren film luzearekin parte hartuko du Sail Ofizialean: Japonian ekoitzitako ‘SAI’ pelikularekin. Teruyuki Kagawa aktorea izango da beste behin ere protagonista kontakizun ilun honetan, zeinean gizon misteriotsu bat tragikoki agertuko baita zenbait pertsonaren bizitzan, nortasun bat baino gehiagorekin.

Agnieszka Holland (Varsovia, 1948) hirugarrenez lehiatuko da Sail Ofizialean ‘Franz (Franz Kafka)’ filmarekin. Txekiar Errepublika, Alemania eta Poloniaren arteko koprodukzio horrek Franz Kafka idazlearen bizitza kontatzen du, jaio zenetik heriotzara arte. Holland aurretik ere lehiatua da Urrezko Maskorra lortzeko ‘Total Eclipse’ (1995) eta ‘Copying Beethoven’ (2006) lanekin, eta Zinemaldian egin zituen lehenbiziko urratsak; hain zuzen ere, Sortzaile Berriak sailean parte hartu zuen ‘Zdjecia próbne/Screen Tests’ (1978) film kolektiboarekin. Zuzendariaren filmik aintzatetsienen artean daude, orobat, ‘Bittere Ernte/Angry Harvest’ (1986) eta ‘Europa Europa’ (Zabaltegi, 1990), Atzerriko film onenaren Oscar eta Gidoi egokitu onenaren Oscar sarietarako hautatuak, hurrenez hurren. Horretaz gainera, bereak dira ‘Olivier, Olivier’ (1992), ‘The Secret Garden’ (1993) eta ‘Green Border’ (2023). Azken honek Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu baitzuen Venezian.

Milagros Mumenthaler zinemagile argentinarra (Cordoba, 1977) lehenbizikoz izango da Donostian bere hirugarren lanarekin: ‘Las corrientes’. Suitzaren eta Argentinaren arteko koprodukzio horrek Isabel Aime González Sola du protagonista, ustez atzean utzita zeukan iraganarekin borrokatuko den emakumea. Locarnoko zinema-jaialdian estreinatu zituen bere lehenbiziko bi filmak: ‘Abrir puertas y ventanas’ (2011), Urrezko Leopardoa eskuratu zuena, eta ‘La idea de un lago’ (2016), Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuena 2013an. Biek parte hartu zuten Horizontes Latinos saileko programazioan.

Alice Winocour (Paris, 1976) zinemagilea berriz izango da Sail Ofizialean bere ‘Couture’ bosgarren filmarekin –aurretik, Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu zuen Donostian ‘Proxima’ (2019) lanarekin–. Estatu frantsesa eta AEBren arteko koprodukzio hori modaren munduan dago girotuta, eta Angelina Jolie eta Louis Garrel ditu protagonista. Zuzendari frantziarrak ‘Augustine’ (2012) lanarekin egin zuen debuta Cannesko Semaine de la Critique atalean. Jaialdi berera bueltatu zen ‘Maryland’ (2015) filmarekin, Un Certain Regard sailean parte hartu zuena, eta, ondoren ‘Revoir Paris’ (2022) lanarekin, Quinzaine des Cineastes-en.

Film horietaz gainera, aurretik jakinarazitako lau produkzio ere lehiatuko dira sail Ofizialean, horien artean bi euskal produkzio: ‘Maspalomas’, Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi zuzendariena, eta ‘Los domingos’, Alauda Ruiz de Azuak zuzendua. Sail Ofizialean lehiatuko dira baita ere Jose Luis Guerinen ‘Historias del buen valle’ eta ‘Los Tigres’, Alberto Rodriguez zuzendariarena. Zinemalditik iragarri dutenez, datozen asteetan jakinaraziko dituzte Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.