NAIZ

Vinek Belaguako igoeran erakutsitako indarrak Movistar talde nafarraren garaipena zapuztu du

UAE taldeko australiarrak aurtengo edizioan lortzen duen bigarren garaipena erdietsi du Sendavivan hasi eta Belaguan amaituriko hamargarren etapan. Movistar talde nafarreko Pablo Castrillo eta Javier Romo bigarren eta hirugarren izan dira. Vingegaard da lider berria.

Jay Vinek bigarren garaipena lortu du aurtengo Vueltan.
Jay Vinek bigarren garaipena lortu du aurtengo Vueltan. (Ander GILLENEA | AFP)

Vuelta 2025 Euskal Herrira iritsi da astearte honetan, eta nabaria izan da! Sendavivan hasi eta Belaguan amaitu den hamargarren etapan zehar ikurrinak eta Palestinaren aldeko banderak eta aldarriak oso nabariak izan dira, dena Israel-Premier Tech taldeari boikota egiteko helburuarekin Gazan egiten ari den sarraskia salatzeko.

Kirol arloan, ikuskizuna izan da jardunaldian zehar. Etapa hasieran, Juan Ayuso eta UAEren arteko liskarrak agerian geratu dira –diktatore deitu dio txirrindulariak taldeari–; ondoren, ihesaldia sortu da, berandu baina benetakoa, eta, azkenik, azken kilometroetan, Belaguako igoeran, zaleen mesederako kilometro politak ikusi dira.

Pablo Castrillo Movistar talde nafarreki txirrindulariak indar guztiak ipini ditu 'etxean' garaipena eskuatzeko, baina Jay Vine (UAE) australiarra indartsuagoa agertu da eta aurtengo edizioko bigarren garaipena erdietsi du, Jakako kirolariari 35 segundoko aldea ateraz. Hori gutxi balitz, Javier Romo Movistarreko beste txirrindularia hirugarren izan da; beraz, jarrera lehiakorra izaten ari den taldeak egun ona biribildu duela esan daiteke.

Sailkapen nagusian, lider aldaketa egon da. Jonas Vingegaard (Visma) daniarrak maillot gorria eskuratu du berriro ere, faboritoen taldean, Joan Almeida (UAE) tarteko, helmugaratu ostean.

Xabier Mikel Azparren, ihesaldian

Eguneko ihesaldia helmugarako 60 kilometroren faltan sortu da eta bertan 30 gizon aritu dira: Movistarreko Castrillo, Romo eta Aular, eta Xabier Mikel Azparren euskalduna beste askoren artean.

Coronaseko igoeran Romok ihesaldia apurtu egin du eta zortzi gizon geratu dira aurrean, horien artean Azparren eta beranduxeago sartu den Jay Vine, mendiko maillota defendatzeko eta, zergatik ez, garaipena lortzeko.

Belaguako igoeran, Alec Segaert (Lotto) belgikarrak saiakera egin du, baina Castrillok metro batzuk hartu ditu aurretik... Jay Vine iritsi den arte. 29 urteko australiarrak asmo guztiak zapuztu dizkio eta bakarka helmugaratu da.

Atzetik, Torstein Traeen norvegiarrak kale egin eta lidertza galdu egin du, Vingegaard faborito nagusiaren mesederako.

Castrillo, etapa buruan

Etapa amaituta, Pablo Castrillok Jay Vineren indarra azpimarratu du, «oso aurkari gogorra» dela ziurtatuz.

Jakako txirrindulariak gaurko etapa buruan zuen. «Helmuga hau nire etxetik eta nire ondokoenetik oso gertu dago. Irabazteko dena ematen saiatu naiz. Pena bat izan da Vine oso aurkari gogorra delako», adierazi du 2024an Vueltako bi etapa irabazi zituen txirrindulariak.

Hamargarren etapak lehen zati exijentea izan duela ziurtatu du Castrillok. Izan ere, energia asko gastatu duela onartu du ihesaldian sartzeko. «Abiadura oso handia izan da. Gutxi faltatu da esfortzuari amaiera ona emateko». Zentzu honetan, Movistar taldearen lan «oso ona» baloratu du. «Adi egon gara eta Javi [Romo] eta ni sartu gara ihesaldian. Adi egon behar genuen eta azken igoerara neke askorekin iritsi gara», aitortu du.