
Kolore zuri, gorri eta berdea, izan Euskal Selekziokoa edo Palestinakoa; bufandak palestinar herriarekiko elkartasunean, bai eta keffiyeh –Palestinako zapia– lepoan. Egun historikoaren aldartearekin iratzarri da larunbat honetan Bilbo, iluntzean San Mamesek jasoko duen Euskal Selekzioa eta Palestinaren arteko elkartasun demaren aitzakipean.
Eguerditik aurrera sumatu da jende uholdea Zazpi kaleetan, haur, gazte eta heldu, adin tarte guztietakoak, turisten artean ere nabarmenduz. Beste edozein asteburutan turistentzat izaten diren kaleak, elkartasun gosez Bilbora hurbildu diren gizabanakoek bereganatu dute.

Palestinako sarraskian eraildako kirolariei omenaldia egin die euskal hintxek Arriaga plazan eta gazte asko erakarri ditu bertara. Besteak beste, Jagoba Beobide eta Mikel Gonzalez futbolariek, Maitane Melero atleta olinpikoa eta Kerman Lejarraga eta Ibon Larrinaga boxeolariek babestu dute ekimena.

Hala ere, karriketan arrakasta gehien eduki dutenak kale saltzaileen ‘vintage’ elastikoak izan dira. Euskal Futbol Federazioko kamiseta soilik denda jakin batean eskuragarri egoteak suposatzen duen oztopoaren aurrean, jende andana hurbildu da kale saltzaileengana, elastiko berde horren kolore biziak erakarrita, bai eta Euskal Herriko zazpi probintzien armarriak ere.
Izan ere, Futbol Federazioko elastikoak bere logoa dauka bularrean eta ‘vintage’-ak Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako ikurrak, Euskal Herriaren osotasuna islatuta. Eta gainera, ‘7’ zenbaki sinbolikoarekin, «zazpiak bat». Duela pare bat urte ‘Gu ere bai’-k ateratako elastikoak ere nabarmen ikusi dira, bai eta Euskal Selekzioa eta Euskal Herriarekin lotura dauzkaten beste kamiseta eta ikur ere.

Arrantzalez mozorrotutako lagun talde batek ere jarri dio bere xarma egunari. Ezkondu aurreko festa dela-eta, mozorroa beste edozein ere izan zitekeela eta arrantzalea, sikiera, bada herri honen nortasunaren pare.
Bilboko kaleetako giroa berotzen joango da bazkalostean ere –bazkalaurretik Kantujirak doinuz girotu ditu– eta arratsalderako deituta dauden elkartasun martxa eta kalejirek jendea San Mamesera gerturatuko du. Bertan joko du goia elkartasun uholdeak, partidaren aurreko ikuskizun eta omenaldiekin.

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik
