INFO

Pentsioen erreformaren aurka bildu dira diputatu macronisten bulegoetan, Angelun eta Biarritzen

Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatu macronisten bulegoetan, Biarritzen eta Angelun, protesta egin dute Gobernu frantsesak astelehenean onartu zuen pentsio sistemaren erreformaren aurka. Horren arabera erretirorako adina 62 urtetik 64 urtera igoko da.

Lasserreren bulegoan, Angelun, egindako elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Gobernuak astelehenean onartu zuen pentsio sistemaren erreforma, horren arabera erretirorako adina 62 urtetik 64 urtera pasako da. Intersindikalak deituta, horren aurka mobilizatu dira astearte arratsalde honetan Vincent Bru eta Florence Lasserre diputatuen bulegoetan, Biarritzen eta Angelun, hurrenez hurren.

Mediabaskek jakinarazi duenez, hamabost pertsona inguru elkartu dira Biarritzen Bruren bulegora sartzeko. Hala ere, Departamenduko diputatua ez dute han aurkitu, Parisen zegoelako, eta gutun bat utzi diote erreforma bertan behera utz dezan eskatuz.

Angelun, France Bleuren arabera, manifestari inguru gerturatu dira Florence Lasserre diputatuaren bulegora. Kasu honetan ere ez dute Lasserre aurkitu eta beste gutun bat utzi diote. 

Aldarrikapenekin jarraituz, Baionako portua blokeatuko dute datorren ostegunean, hilak 26. Union Locale CGTk deituta, Tarnosen elkartuko dira goizeko 8.30ean. Egun horretan bertan eta ostiralean eskuorriak banatuko dituzte unibertsitatean, erreformak gazteengan duen eraginaren berri emateko. Datorren asteartean, urtarrilaren 31n, beste manifestazio bat egingo dute Baionan, 10.00etan Sainte Ursule plazatik hasita, tren geltokitik gertu.