INFO

Espainiar Auzitegi Gorenaren epaia salatu eta euskararentzat justizia eskatu dute ia 100 udalek

UEMAk deituta ia 100 udal eta milaka herritar atera dira gaur eguerdian kalera, EAEko udal legearen aurkako espainiar Auzitegi Gorenaren azken epaia salatzeko. Egoeraren «larritasunak» adostasun «sendoetara» heltzea eta euskara «benetan babestea» eskatzen duela nabarmendu du.

UEMAk Orion deitutako mobilizazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Espainiar Auzitegi Gorenak EAEko udal legearen dekretutik baliogabetutako artikulu gehienak atzera bota ondoren, UEMAk epaia salatzeko eta euskararentzat justizia eskatzeko deia egin zuen, udalerri euskaldunetan gaur eguerdirako elkarretaratzeak deituta. UEMAko kide diren 118 udaletatik ia 100 udalek heldu diote presazko deialdiari, eta kalera atera dira gaur udaletxeen aurrean.

Tokian tokiko euskara elkarteen eta milaka herritarren babesa izan dute, eta azken epaia salatzeko kartelak erakutsi dituzte, euskarak benetan aurrera egin dezan lege berria behar duela aldarrikatzearekin batera.

Martin Aramendi UEMAko presidentea Ataungo elkarretaratzean izan da, bertako alkatea baita, eta han egin ditu adierazpenak UEMAren izenean. Deialdiarekin bat egin duten udal, erakunde, euskara elkarte eta milaka herritarrei eskerrak eman dizkie, eta egoeraren larritasuna ikusita euskarak benetako babesa behar duela nabarmendu du.

Aramendi: «Egoera larria»

«Euskara bigarren mailako hizkuntza izatera kondenatu nahi izan dute beste behin ere, euskararen ofizialtasuna bera eta azken hamarkadetako hizkuntza politika auzitan jarriz. Epaia larria da, eta behar zuen berehalako erantzuna. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet UEMAren deialdiarekin bat egin duten udal, euskara elkarte, euskalgintzako eragile, alderdi eta gainerako guztiei, eta batez ere gaur kalera atera diren milaka herritarrei» adierazi du.

Azpeitiko plazan egindako elkarretaratzea. (UEMA)
Azpeitiko plazan egindako elkarretaratzea. (UEMA)

Aramendiren hitzetan, «egoeraren larritasunak adostasun sendoetara heltzea eta euskara benetan babestea eskatzen du, aurrera egiteko ezinbestekoa baitugu benetako lege-babesa».

Horretarako deia egin die alderdiei, «euskarak eta euskaldunok bigarren mailakoak izateari utzi eta benetako justizia merezi baitugu».

Euskalgintza, hainbat alderdirekin eta eragilerekin batera, datorren asterako mobilizazio berriak prestatzen ari dira, eta UEMAk horiekin bat egingo duela argi utzi du.

«Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen»

«Euskara ez da beste hizkuntza ofizialen parekoa. Ezta ofiziala den lekuetan ere», ohartarazi dute. Europako Hizkuntza Gutxituen Sareak adierazi duen bezala, euskara larrialdi linguistikoan dago. Baita minorizazio gorrian ere, azken ikerketek erakutsi duten moduan. Izan ere, euskara jazarria, debekatua eta isildua izan da mendeetan.

«Hizkuntzak ez dira galtzerdiak bezala galtzen. Desagerrarazi egiten dituzte. Euskararekin ere ahalegindu dira, eta gutxitu dute, baztertu dute, eta baita bigarren mailakoa bihurtu ere». Hori da, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen ustez, gaur egungo egoera ulertzeko abiapuntua.

Urrutia: «Gune propioa behar dugu»

Euskaltzaindiko presidente Andres Urrutiak euskararentzat «jarduteko gune propioa» beharrezkoa dela nabarmendu du, horrela «koofizialtasuna soilik paperean agertzen den zerbait ez izateko».

RNE irratian egin dioten elkarrizketan, Gorenaren epaiari buruz aritu da Urrutia. Adierazi duenez, «Euskaltzaindiak ezin du epaiaren balorazio positiborik egin» eta «gakoa euskararentzat jarduteko gune propioa bermatzea» dela gaineratu du.

Kortajarena: «Gogoz ekiteko garaia»

Euskarak pairatzen duen larrialdi egoeraren aurrean, «gogoz ekiteko garaia» dela nabarmendu du EH Bilduko programa idazkari eta parlamentari Nerea Kortajarenak Orion UEMAk deitu duen elkarretaratzea.

«Ultraeskuin espainiarrak euskararen kontra, hizkuntza-normalizazioaren kontra, udal autonomiaren kontra eta autogobernuaren kontra Auzitegi Gorenean harturiko azken erabakiari aurre egiteko ekimenekin bat egiten du EH Bilduk», gaineratu du Kortajarenak.