NAIZ+

Majarenas eta alaba Izar elkarrekin, aske eta etxean daudela ospatzeko ekitaldia

Izarrekin Sara Etxera plataformak agur esango dio igandean bere ibilbideari, Sara Majarenas eta bere alaba Izar elkarrekin, aske eta etxean daudela ospatzeko antolatutako ekitaldian. 

Sara Majarenas aske da eta bere alaba Izarrekin libre bizitzeko aukera du joan den astetik. Izarrekin Sara Etxera plataformari beraz, adio esateko tenorea iritsi zaio eta ekitaldi batekin esan nahi dio agur bere ibilbideari. ‘Motxiladun umea bat gutxiago’ lelopean izango da plataformaren azken agerraldia eta igandean egingo dute, Donostiako Intxaurondo auzoan.

Ekitaldia 12.00etan izango da Intxaurrondoko Txaparrene pasealekuan eta bertan Izarrekin Sara Etxera plataformak, Donostiako mugimendu feministak eta Motxiladun umeen ordezkari batek hartuko dute hitza. Halaber, Porrotx pailazoa, bertsoak, musika eta dantza ez dira faltako.

Sara Majarenas joan den apirilaren 9an askatu zuten, hamahiru urte eta bi hilabeteko zigorra oso osorik bete ondoren. Euskal preso donostiarra eta bere alaba, Izar, indarkeria matxistaren biktimak dira, joan den urtarrilean aitak alaba labanaz eraso egin eta larriki zauritu ostean.

Izarrek hiru urte bete eta ama alabak banatzear zirela, presondegitik atera eta Madrilgo harrera pisu batera eraman zituzten iazko martxoan. Bertan pasa ditu Sara Majarenasek azken hilabeteak.

Lau urteko Izar txikiak motxiladun ume izateari utzi diola ospatu nahi dute igandeko ekitaldia. Haatik, azken urte honetan bizi izan duen egoera gogorra salatu eta, aldi berean, oraindik ere Euskal Herrian motxiladun ume asko daudela gogorarazi eta egoera honi amaiera jarri behar zaiola aldarrikatu nahi dute.