NAIZ+

Transexualiteari kantuz

Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak transexualitatearen inguruan sentsibilizatzeko sortu du abestia Kantu Kolore egitasmoak.

‘Ni naiz’ izeneko abestia sortu berri du Kantu Kolorek, transexualitatea haurrekin lantzeko bitarteko gisa.

Jaio aurretik, amaren sabelean gaudenean, sexua ekografiek ebazten dutela gogoratzen du kantak. Arra ala emea, zuria ala beltza, horixe dira ezbaian dauden aukerak. Deus eskatu gabe, une horretan haur horren rola idazten hasten dela deskribatzen du abestiak, bere izena, logelaren kolorea eta izango dituen jostailuak erabakitzearekin batera. Ezarritako ereduarekin eroso ez dagoen umearen azalean sartzen da ondoren abestia eta ingurukoen mespretxu eta esamesek eragiten duten minaren berri ematen du.

Kantu Kolore Haur eta Lehen hezkuntzako haurrei zuzendutako proiektua da. Arlo desberdinetako irakasleek osatzen dute musika ardatz duen egitasmo hau eta abesti didaktikoak sortzen dituzte.

Haurrek musikaren bitartez ikasten dutela ohartuta, eduki jakin batzuk barneratzeko abestiak proposatzen dituzte. Aldi berean, gai jakin batzuen inguruko sentzibilizazioarekin lagundu nahian, gai horien inguruko abestiak sortzen dituzte, letra eta doinua jarriz.

Abestiak sortzeaz gainera, haurrentzako erromeria eskaintzen ditu Kantu Kolore egitasmoak. Kontzertu hauetan haurrak dira protagonista eta beraien parte hartze aktiboa bultzatzeko erremintak erabiltzen dituzte.

Berdintasuna eta aniztasuna sustatzeko helburuz ‘Nire gorputza da’ kanta sortu zuten joan den azaroan, autoestimua garatu eta jazarpenarekin amaitzea bilatzen du bere letrak.