NAIZ+
IRUÑEA

AHTren aurkako martxa... western eran

Martzillatik hasi eta Altsasu arteko bidea egin berri dute AHTren aurkako bizikleta martxan. Parte hartzaile batek ekimenaren laburpen bideoa egin du, western eran girotuta. 

AHTren aurkako martxa 180731
AHTren aurkako martxa 180731

AHTren aurkako bizileta martxak Martzillan izan zuen abiapuntua uztailaren 26an eta Altsasun amaiera 29an ('Pedaleando contra el TAV y para reclamar un tren social' | Martxelo Díaz). Protesta ekimenaren bideo laburpena egin du parte hartzaileetako batek, western eran girotua. 

Lau etapako ibilbidea izan da bizikleta martxarena. Martzilla eta Tafalla artekoa egin zuten lehen egunean, Iruñera iritsi ziren bigarrenean eta Irurtzunera gero. Uztailaren 29an iritsi ziren Altsasura.

Hainbat plataformek elkarlanean antolatutako protesta izan da eta bidean nafar korridoreak suntsituko lituzkeen inguruak ikusi dituzte. Gainera, zonalde bakoitzean Abiadura Handiko Tren proiektuaren aurka direnekin harremanak estutzeko aukera izan dute. Trenaz gain, ekimenarekin beste proiektu txikitzaileen aurka ari direnekin ere izan dira txirrinduzaleak, «makroazpiegitura hauek guztiak sistema kapitalista eta harrapakari beraren isla» direlako, antolatzaileen esanetan. 

Martxaren abiapuntuan Tafallan tren sozial baten alde sortu den aldarria azpimarratu zuten, «eliteei ordez herritarrei zerbitzu emango dien tren baten aldeko mugimendu indartsua dago», zioen Pedro Leralta EH Bilduren Tafallako zinegotzietako batek. AHT Geldituko Luis Iriartek EAEko zatia aipatuz Europako Kontu Auzitegiak argitaratutako txostena ekarri zuen gogora, «ez dago nahikoa bidaiari mantenua bera ordaintzeko ere». Bere esanetan «gaur gaurkoz dagoen proiektua UPNrekin zegoen berbera da. Gezurretan ari zaizkigu».