NAIZ+

Ospitale psikiatrikoan ingresatutako ume baten gurasoek euskaraz artatzeko aukerarik ez izatea salatu dute

Donostiako Arantzazu ospitale psikiatrikoan ingresatutako ume baten gurasoek salatu dutenez, bertako profesionalak erdaldunak dira. «Alabak jasaten duen gaixotasunaren sufrimenduaz aparte, hau jasan behar izatea negargarria da», salatu dute haurraren gurasoek Hizkuntz Eskubideen Behatokian.

Haurrak protagonista Baionako ‘Euskaraz Bizi’ egunean.
Haurrak protagonista Baionako ‘Euskaraz Bizi’ egunean.

Gazteleraz hitz egiteko zailtasunak dituen haur euskal hiztuna gaixotasun larriarekin ingresatu zuten Donostiako Arantzazu ospitale psikiatrikoan eta bertan artatutako psikologo eta psikiatrak erdaldunak izan dira etengabe. Neska honen gurasoek kexu agertu dira eta alabak jasaten duen gaixotasunaren sufrimenduaz aparte, «negargarria» deritzote alabak egoera hau bizi behar izatea.

Akuilari aplikazioa medio ezarri zuten salaketa urtarrilaren 26an alaba ingresatu ostean. Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin harremanetan jartzeko tresna da Akuilari.

Salaketa sare sozialetara heldu da, Osakidetzan euskaraz bizitzea galdegiten duten @Osaeus eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren kontuen bidez. Kexak oihartzun zabala izan du.

«Osakidetzan euskararen normalizazioa 2019. urtean oraindik maila honetan egotea... penagarria, negargarria, etsigarria eta onartezina da», salatu du @Osaeus Facebook kontuak kexari bide ematearekin batera. Antzera aritu da Hizkuntz Eskubideen Behatokia, erabiltzaileen eta pazienteen beharrei erantzuteko euskaraz komunikatzeko gaitasuna izango duten profesionalak egotea «ezinbestekoa» dela iritzita.

Euskara erabiltzeko eskubidea urratuz gero, kexa jartzeko aplikazioa izateaz gainera, hizkuntza-eskubideak bereziki ongi zaintzen dituzten entitateen jokabide eredugarria txalotzeko funtzioa ere badu Akuilari aplikazioak. Bai eta, erabiltzaileek Behatokira helarazi dituzten gertaerak sare sozialetan partekatzeko asmoa ere.