NAIZ

Kanta, koreografia eta sinadura bilketa, Xua gurasoekin batera etxera ekartzeko

Burubelarri ari dira Orion, Usurbilen eta Zarautzen, helburu argi eta polit batekin: espetxean jaiotako Xua, gurasoekin (Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga) etxera ekartzea. Orain kanta batean bildu dute aldarrikapena. Eta sinadura bilketa ere abiatu dute, Change plataforman.

Audio_placeholder

Xua gurasoekin etxera kanta

Loading player...
Orion egin dute Xua gurasoekin etxera ekimenaren kanta. (Gorka RUBIO/FOKU)
Orion egin dute Xua gurasoekin etxera ekimenaren kanta. (Gorka RUBIO/FOKU)

«Pardela eta kartzela
Sehaska eta arraska
Pijama txiki urdinak
Jantzita ditu sorginak
Zergatik daramatzate
Panpinek esku burdinak?

Patioan kulunpioan
Parkean eta katean
Soka saltoan ari da
Gurasoak begira
Zergatik etorri behar du
Bakarrik Euskal Herrira?

Espetxean gurasoak
Etxera zatoz xua
Zabal zabalik besoak
Hartzazu gure musua»

Xabier Sukiak idatzitako letra samur honen azpian, kanta polit bat baino askoz gehiago dago. «Xua gurasoekin etxera» kanpainaren azken ekimena da, ostiral honetan Orion aurkeztua. Helburu horren atzean dabiltzan Orio, Usurbil eta Zarauzko lagunek asmatu dute, bai eta koreografiatu ere, dantzatu ahal izateko (lau dantzarik erakutsi dute aurkezpenean).

Auzolan honen zergatia azken hilabete hauetan jada ezagutzera eman da: urtarrilean hiru urte beteko dituen Xua gurasoekin etxera aske etortzeko ordua bada. Batetik, Xuak bizitza osoa espetxean eman duelako, Valentziako Picassent-en hain zuen ere, bere etxea izan beharko lukeenatik urrun. Bestetik, bi gurasoek jada hamar urte eman dituzte kartzelaratuta, eta zigorra hamabi urtekoa izanda, baldintzapeko askatasuna dagokie.

Bereziki Izarren kasuagatik –Sara Majarenasen alaba– aski ezaguna da hiru urte betetzean presoen umeak espetxetik aterarazten dituela espainiar legediak. Arriskua begibistakoa da: aita eta ama ordurako askatuko ez balituzte, banatuta geratuko lirateke, eta mehatxu horri aurre egitera dator hiru herrien arteko auzolana.

Kanta eta koreografiarekin batera sinadura bilketa abiatu dute, paperean zein formatu digitalean, Change plataforman hain zuzen ere.