NAIZ

Munduko ehun mural onenetako bat Leitzan dago, Guardia Zibilaren kaserna zenaren horman

Munduko ehun mural onenetako bat Leitzan dago. Zehazki aurtengo 46. onena, Streetart360 webgunearen arabera. Atekabeltza etxean dago margoa, urtetan herri honetan Guardia Zibilak zuen kasernetako batean. Orain artelanerako toki aproposa da.

Leitzako Atekabeltzan margotu duten murala. (ERRAN.EUS)
Leitzako Atekabeltzan margotu duten murala. (ERRAN.EUS)

Leitzako Atekabeltza etxean egin duten murala munduko ehun onenen artean dago. Hori da behintzat kaleko artean espezializatuta dagoen Streetart360 webguneak urtero osatzen duen zerrendan azaltzen dena.

Erran.eus atariak azaltzen duenez, urtero munduko ehun mural onenak hautatzen ditu Streetart360k eta aurten leitzarra 46. postuan dago. Murales Lianek pasa den ekainean egin zuen margolana, Atekabeltz Herrigune ekimenaren bultzadarekin.

Historia bitxia du Leitzako Atekabeltza etxeak. Izan ere, herriko sarreran kokatua dago, Tolosarako bidean. Urtetan Guardia Zibilaren kaserna izan zen eta leitzarrendako buruhauste nabarmena suposatzen zuen, kontrol ugari paratzen baitzituzten etxe honen ondoan. Ondoren gaztetxea bilakatu zen.

Guardia Zibilak oraindik ere beste kaserna bat du Leitzan, Maxurrenea etxean, Iruñerako bidean herriaren sarreran. Eta bertatik alde egiteko herri plataforma ere osatu izan da. Jorge Fernandez Diaz ministroaren bisita ere jaso izan du Maxurreneak. Baina bertan gertatutako bitxikierien artean guardia zibil batek ustez ETArena zen eraso bat imajinatu zuenekoa da. Guardiak mendiko sasietatik erasotu zutela azaldu zuen baina ez zen egia, inolaz ere. Hala ere, gaitzespenak eta soka luzea ekarri zituen ustezko eraso horrek.

Leitzarrek lelo argi batekin erantzun zuten orduan: «Maxurrenea herrintzat, utzi pakean!». Hori adierazi zuen Udalbatzarrak eta baita manifestazioan bildu zen jendetzak ere.

Aldarrikapen hori oraindik bizirik da. Eta Atekabeltzarekin gertatu dena ikusita, beharbada hobe izanen da Maxurrenean ere mural bat margotzeko aukera izatea, berde kolorea estaltzeko.

Atekabeltz Herriguneak grabaturiko bideo honetan murala nola margotu zuten ikusi daiteke.