EAJk Forondan landatu zuen arbolak basora egin du ihes

Alderdi Egunean EAJk landatu zuen arbolak Forondatik ihes egin du eta basorako bidea hartu du. Ihesaldi honen helburua jeltzaleen «zurikeria» salatzea izan da, arbolak eta bere lagunek azaldu dutenez. Zentzu honetan, EAJk bultzatu dituen azpiegitura erraldoien zerrenda luzea gogoratu dute.

NAIZ|03/02/2020
Loading player...

Alderdi Egunean EAJko kideek Forondan landatu zuten arbolak ihes egin du basora. Ihesaldia burutu dutenek gogoratu dutenez, EAJren «zurikeria» salatzea izan da helburua. «Hilabeteak igaro dira Forondako Arbola babesgune eske hurbildu zitzaigula PNVren zurikeriatik ihes», azaldu dute.

«Izan ere, klima larrialdiaren aurka Forondako Arbola landatu zuen PNV berbera da erraustegia, supersurra, AHT, Artazako tunela, bertoko basoen suntsiketa, Ibarbengoako parking-a eta antzeko txikizioak egiten dituena», gaineratu dute.

«Arbolak, Forondako bakardadetik ihes egitea lortu zuen beste arbola batzuekin elkartu eta bizitza eredu jasangarri baten alde matxinatzeko. Basoa astintzen duen haizea adituz gero, nabari da matxinatutako arbolak zerbait prestatzen dabiltzala», adierazi dute.

«PNVk bere burua zuritzeko bakarrik nahi ninduen. Horregatik egin dut ihes existitzen ez den kapitalismo berdearen irudi ez bilaktzeko», azaldu du zuhaitzaren eledun batek sareetan zabaldu duten bideoan.

«Babesgune honetara heltzeko bidea ez da erraza izan. Asko izan dira auto batek harrapatuta izateko arriskuarekin zeharkatu beharreko autopistak. Bideak goibeldu nau. Negarra eragin dit sarraski bakoitzeko hosto bat galdu dut: erraustegia, SuperSur-a, AHTa, Artatzako tunelaren proiektua, pinuz eta eukaliptoz kolonizaturiko basoak, Ibarrengoako parkina, eta orokorrean gure bizitzetan hain errotuta dagoen hirigintza-eredua», nabarmendu du zuhaitzak bideoan.