Kantak kateatzen hasi dira emakume musikariak sare sozialetan

#EmakumeKatea traolarekin emakume musikariei beste emakume musikariren kanten bertsioak egiteko eta partekatzeko erronka luzatu die Lide Hernandezek. Pixkanaka sarea osatzen ari da.

Naiz|03/04/2020
Koban
Koba-eko taldekideak, bakoitza bere etxetik. (NAIZ)

Liher taldeko Lide Hernandok emakume musikariak batu dituen ekimen bat hasi du sare sozialen bitartez. Berak Koban taldeko ‘Klimax gaiztoa’ kantaren bertsioa egin zuen, eta egun hauetan sare sozialetan hain zabalduta dauden erronken moduan, talde horrek beste musikari baten kanta bat bertsionatu behar zuen #EmakumeKatea traola erabiliz.

Kobanekoek Olatz Salvadoren ‘Korapilatzen’ hautatu zuen, eta honek Mor Moreren ‘Instanteak’. Mor Morekoen eskutan dago orain pilota. Zein emakume musikariren kanta aukeratuko dute zarauztarrek?

Erronka hau bezalaxe, sare sozialetan modan jarri dira emakume ederrei –denak ederrak direnaren ideiari sendo eutsiz– euren txuri-beltzeko argazkia jartzearena, txikitako argazkia argitaratzearena edota mahai bati buelta ematearena (ez inguruan, baizik eta gainetik pasatu ondoren azpitik zintzilik geratzeko).

Agian datozen egunetan #EmakumeKatea izango da Facebook, Twitter eta Instagram musikaz beteko duen erronka berria.