naiz

Igande eguerdian haur eta nerabeen ahotsa aldarrikatuko da leiho eta balkoietan

Oinherri ekimenak deituta, igandean, 12:00etan, txalo zaparrada batek hartuko ditu Euskal Herriko leiho eta balkoiak, haur eta nerabeen «ateratzeko aukera ospatu eta ateratzeko baldintza duinak» aldarrikatzeko.

Oinherrik ekimenak iganderako, 12:00etan, Euskal Herriko leiho eta balkoietan txalo zaparrada entzutetsu bat egiteko proposamena zabaldu du, «ateratzeko aukera ospatu eta ateratzeko baldintza duinak» aldarrikatzeko.

Oinherri Herri Hezitzailea ekimena ideia nagusi baten bueltan sortu zen duela urte batzuk: «Haurrak ez dira etorkizuna soilik, oraina ere badira eta hitza izan behar dute». Asteotan bizi dugun osasun larrialdiak gauza asko jarri ditu hankaz gora eta Oinherri osatzen duten eragileen iritziz, inoiz baino ageriago geratu da haurren ahotsa entzuten ez duen jendarte batean bizi garela.

Bideo baten bitartez, haur eta nerabeek konfinamenduaren 40 egun hauetan izan duten jarrera «izugarria» txalotu dute. Igandean egoera hau aldatuko da eta 14 urtetik beherakoek etxetik ordubete irteteko aukera izanen dute. «Hau ospatu beharra dago».

Baina ospatzearekin batera, aldarrikapenak zabaltzeko baliatuko dute. «Naturaren presentzia ezinbestekoa da haurtzaro eta nerabezaro osasuntsu baten garapenerako», azpimarratu dute. Eta, haientzako, «leku itxi eta txikietan sartzea, ez dela konponbidea».

Honekin batera norbanakoak igandeko irudiak grabatzera gonbidatu ditu. Gero irudi horiek info@herrihezitzailea.eus-era bidaltzea eskatu dute.