NAIZ

Hakima Flissik ‘Baby y Yo’ abestia aurkeztu du

Hakima Flissi gazte abeslari bilbotarrak ‘Baby y Yo’ kanta aurkeztu du aste honetan. Txus Venenok zuzendu eta Jon Garciak ekoitzitako bideoklip dibertigarriarekin batera dator. Oso Polita diskoetxearekin argitaratutako bigarren kanta da.

Hakima Flissi 1997an jaio zen Bilbon. 2016an hasi zen Soul, R & B, reggae eta funk estiloko abesti propioak sortzen eta Youtube edo Soundcloud plataformetan argitaratzen, eta 2018an hasi zen bere izena indartsu entzuten, Medcoast kolektiboarekin batera bere lehen singlea, ‘Vuelo’, argitaratu zuenean.

Urte horretako apirilean Euskadi Gazteko maketa Lehiaketaren 27. edizioa irabazi zuen. Handik gutxira, Factor X telebista-lehiaketan parte hartu zuen Amy Winehouseren ‘Back to black’ kantarekin, eta ondoreren bere lehen EPa argitaratu zuen, ‘El eco del recuerdo’ izenburuarekin.

2019an Bilbao BBK Live, BIME Live eta Monkey Week jaialdietan egon zen, eta urte amaieran ‘Sensitive’ single-a argitaratu zuen Oso Polita diskoetxearekin.

6 hilabete geroago ‘Baby y Yo’ abestia argitaratu du Txus Venenok zuzendu eta Jon Garciak ekoitzitako bideoklip dibertigarriarekin batera. Oso Polita diskoetxetik diotenez, Flissiren sormenak «ez du etenik», eta laster argia ikusi duten ideia berriak lantzen jarraitzen du.

«Erritmo elektroniko garaikideen artean bidaiatzen duen estiloa du, Rhythm & Blues eta soul ukituekin. Flissi soinuen belaunaldi berrikoa da, non etiketek ez baitute askorik axola», dio artista honi buruz Mondo Sonoro musika aldizkariak.