Ainara Maia Urroz | irundarra eta eskualduna

Alarde parekidea eta bakarra

Herrikide irundar maite orori eskutitz hau bihotzetik hatzetara:

Sentimendu kontraesankorrak nituen aurtengo San Martzial egun euritsuan Irunen. Hori erran genion elkarri lagun on batek eta biok, eta niri pentsakor utzi ninduten sentimendu horiek.
    
Duela hogei urte ni kantinera ateratzeko adinean nengoela, ezustean harrapatu ninduen 1996 hartako San Martzial eguneko desfile militar hark. Alemaniako Gifhorn hirian igaro nuen ikasturte oso bat alemana ikasten eta hango familia batean bizitzen, eta San Joanetako itzuli nintzen pozik eta alai, esperientzia gazi-gozoz kargaturik, baina erabat itxaropentsu. Eta bat-batean San Martzial jaiek eztanda egin zuten, eta ekainaren 30 hartako goizean Eskoleta karrikan lagunekin alardearen zain nengoela alardea ez zen heltzen eta San Joan plazan istiluak zeudela entzun genuen. Zenbait emakumek alardean sartu nahi zutelako gizonek aurka egin zieten, eta alardetik kanporatu zituzten. Nik ezin nuen ulertu nire pentsaera ireki berriarekin Europa hartan, eta urte hartako jaiak igaro ziren, besterik gabe.  
    
Geroztik, euri asko egin du eta eguzkiak ere gogor jo izan du, maitemindu naiz, eta bihotza erabat hautsirik, bihotz zatitua hor zehar ozeanoaz haraindi dudala, ia etsiturik, eta Irungo jendeak lehengo lepotik burua, ene bihotza mikazten zait urtero. Zaharberritzen zait nire galdera-ikurra: zergatik? Zergatik ezin dute bada emakumeek normal-normal partehartu, gizonen antzera? Zergatik soilik kantinera gisa eta ez txilibitu-jotzaile? Zergatik ez kantinerorik? Ni Irunen sortua naiz ospitale zaharrean nekez, guraso nafarrak ditut eta euskaldun peto-petoa naiz, eta ezin dut ulertu buruz. Bihotzak soilik sentitzen baitu mina eta etsipena. Zergatik?
    
Azken batean errepresentazio edo antzerki historiko soil bat da, eta alderdi historiko horretatik ere badatozkit niri kontraesanak: XVI.mendean nork irabazi zuen frantsesen aurka? Nork irabazi guda hura? Gerra hura zerbait izan baldin bazen, euskaldunon arteko gerra zibila izan zen, zenbait euskaldun Gaztelako erregearen aldeko baitziren eta beste euskaldun asko Nafarroako erregearen aldeko, eta frantsesek garai hartan Nafarroako erregearen alde borrokatu zuten, euskaldunon erregeen alde alegia. Beraz, alderdi historikotik ez dugu ezer ospatzekorik, eta ez dezagun ospatu serioski eta har dezagun bada jai eta besta gisa soilik; izan ere, alderdi militar hori da gutxien gustatzen zaidana festetatik, baina onartu behar dut Irundar oro hunkitzen gaituela goizeko lauretako alboradak nahiz goizeko seietako dianak. Ene desioa da besta horretan denok parte har dezagun bakoitzak nahi dugun eran, askatasun eta libertate osoz. Hori da nire desio bakar, alarde bakarra eta elkartua osatzea berriro ere, samurtu (haserretu) gabe samurtasunez. Batak besteari barkatuz eta elkarren ondoan paratuz bihotza sentituz, maite zaitut erratea.
    
Sentimendu kontraesankor aunitz barnean, eta pertsonalki nahiz sentimentalki ene bizitzako garairik zailenean nagoelarik, erran nahi dizuet aunitz maite duenak aunitz sofritzen duela eta txistua jo badidazue ere oraindik maite zaituztedala. Denok gara garrantzitsu gizarte honetan, baina batez ere emakumeena agertu behar da, emakumeen ikuspegi bakezale hori gerra maskulino horren aurrean. Izan ere, emakumeena ez bada ageri, ez da kontatzen egia, eta horren harira gonbidatu nahi zaituztet guztiok Berako kultur etxera heldu den uztailaren 21, 22 eta 23 egunetan emango den herri-antzerkira: “Harrtik hazia” Gerra zibilaren garaiko oroimen historikoa landu duen herri-antzerkia da, eta bere helburua izan da historian isildurik zegoen emakumearen ahotsa azaleratzea eta «borrokatzeko» beste modu femenino hori agertzea.

Adeitasunez eta maitasunez

Buscar