Saioa Benavides Muru

Donostialdeako herritarrak, larunbat gauetan abandonatuta

Donostia eta inguruko herriek herritarrak abandonaturik gaituzte. Larunbata gauero Donostiako bulebarrean taxi bat hartzeko ordu eta erdiko ilara sortzen da inguruko herrietara itzuli ahal izateko.

Autobusik egon ezean, dozenaka pertsona elkartzen gara euri-pean hotzez akabatu beharrean Errenteria, Donibane, Lezo edo Oiartzun bezalako herrietara itzuli ahal izateko.

Gure politikariek garraio publikoa erabiltzeko garrantziaz hitz egiten dute, baita, alkohola edan eta ez gidatzeko garrantziaz ere; emakumeen segurtasuna bermatzeko neurriez hitz egiten dute; kultura eskaintza zabaldu eta ostalaritza suspertzeaz hitz egiten dute… harro hitz egiten dute aurrekoaz gaueko autobusak murrizten dituzten bitartean.

Ez dut tutik ulertzen. Autobusik gabe, ilara bukaezina itxaron eta dirutza bat ordaintzera kondenatzen gaituzte, bestela, beldurrez oinez itzultzera edo, zuzenean, etxean geratu eta ez ateratzera.

Herritarren eskaria agerikoa da, eta horri erantzuteko eskaintza bete dadin idazten dut. Autobus eskaintza nahikoarekin disgustuak saihestuko ditugu: etxera «escalerillas» bezalako tokitatik bakarrik itzultzen diren emakumezkoen arriskuak zein alkohola edan ondoren haien bizitza zein besteena arriskuan jartzen duten gidariek eragindakoak.

Gaueko autobusak jartzea gure kutxa-publikorako errentagarria ez dela ulertzen dut, baina erraz konpondu daiteke gaueko txartelaren prezioa behar den adina igoz. Zalantzarik gabe, herritarrek hau ordainduko dugu, segurtasunaren balioak preziorik ez duelako.

Buscar