En Debate

 

¿Cómo ha de ser nuestra relación con el territorio?
El urbanismo especulativo del último ciclo alcista terminó abruptamente en una larga crisis económica. Ese desenlace nos obliga a revisar los principios sobre los que hemos construido nuestra relación con el territorio en las últimas décadas y a proponer nuevos paradigmas.
Gure lurraldea demokratiza dezagun
Actualizado 16/05/2016 10:43
Miren Lanz Solbes Hiritik At-eko kidea

Nork hartzen ditu gure lurraldeari buruzko erabakiak? Aurreko azaroan aurkeztu zen Euskadiko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko parte hartze plana. LAGek «gizartearen garapenerako gako diren eremuak erregulatzen dituzte, adibidez, ingurumena, baliabide naturalak, paisaia, hiri-, industria- eta landa-espazioak, azpiegiturak eta ekipamenduak, eta ondare historikoa eta kulturala».

Lurralde antolamenduak, eskala desberdinetan, aukera eman beharko luke gure inguruan nola bizi eta erlazionatu nahi dugun eztabaidatu eta erabakitzeko. Eztabaida horretan ikuspuntu desberdinak egongo dira. Lurraldea eta baliabide naturalak mugagabeak izan eta pertsonen zerbitzura egonik, kapitalaren metaketarako lehengai izan behar dutela uste dutenak; zein debate horretan ere, pertsonak erdian jarri, eta lurraldearen kudeaketa eta erabilera demokratizatu egin behar direla uste dugunok.

Edonola, afera honetan ere, gure bizitzei gehien eragiten dieten gaien inguruan eztabaidatzeko eskubidea eta gaitasuna ebatsi digute, eta planifikazio demokratikoa, egun, ameskeria hutsa da. Nahiz eta ehunka izan jendartearen nahiak dokumentu urbanistikoetan isla daitezen borrokan ari diren eragile, estudio edo gobernuak, batez ere tokikoak, hiriaren diseinu sozial baten alde lan egiten ari direnak.

Egungo lurralde antolamenduaren logikak zapalgailuaren logika bati erantzuten diola onartu behar dugu. Sistema horrek araudi zehatz bat behar du bere beharrei erantzuteko, batez ere, behar ekonomikoei. Arlo honetan ere, goitik behera pentsatzen da. Diziplina urbanistikoa ezagutza zehatz batzuk dituzten pertsonek bakarrik parte hartzeko moduan aurkezten da. Pertsona arruntek ez dakite, beraz, eztabaidatik kanpo geratzen dira; kasurik onenean, plano kontsultibo eta ez loteslean geratzen dira. Honakoak dira horretarako giltzak: batetik, udalaz gaindiko eremua herritarren interesetatik kanpo balego bezala aurkeztea, eta, bestetik, lurralde planifikazioa pertsona arruntentzako araudi konplexu multzo gisa aurkeztea. Azken urteetako politika territorialek, erabakitze eremuak herritarrengandik urrundu dituzte. Erabaki estrategikoak arau nahaspila eta planifikazio-dokumentu zail eta konplexuetan mozorrotu dituzte, pertsonek parte hartzeari uko egin diezaioten.

Demokratizazio horretan esperimentatzen dugun bitartean, paradigma horri buelta eman behar zaio guztiz. Maila lokaletik maila orokorrera planifikatu eta arautu behar delarik. Zer behar da parte hartu ahal izateko? Informazioa jaso eta eman behar dugu. Pertsonek informazioa formatu egokian jaso behar dute. Baina, era berean, horiek informazio emaile ere badira. Prestatu beharra daukagu, baldintza onetan parte hartu ahal izateko. Tresna teknikoak izan behar ditugu, gure iritzia adierazi ahal izateko. Teknikek herritarren borondatea islatu behar dute, eta ez bakarrik politika ekonomiko eta desarrollista zehatz batzuena. Boterea konpartitu behar da; ez gara kontsulta batez ari, gobernantza kolektibo eta partizipatu batez ari gara. Azkenik, erabaki kolektibo horiek inplementatzeko mekanismoak eduki behar dira. Guri dagokigunez, egungo berme bakarrak, kontrol eta fiskalizazio politikoaz gain, presio eta proposiziorako mekanismo sozial eta herritarrak dira.

Hori guztia baina, beste eremu batzuetan esaten den bezala, auzi «prepolitikoa» da, hau da, LAGak bezalako lanabes politiko bat demokratikoki diseinatu eta kudeatzeko ezinbestekoak diren baldintzak besterik ez dira. Jarraian, lurralde antolamendua bezalako lehen mailako afera politiko baten inguruko gogoeta estruktural, irakurketa politiko eta posizionamendu estrategiko bat egitearen beharra azpimarratu –gure ustez nahikoa sakonki egin ez dena–, eta berau egiteko beharrezkoa den debaterako ekarpen batzuk egingo ditugu.

Lurraldea antolatzeak, jendartea, ekonomia eta herrialdea antolatzea dakar, gure etorkizun konpartituak determinatuko dituen aldagai nagusien(etako)a izanik. Horrela, hau ez da kontu tekniko bat, politikoa baizik. Eta ez da nahikoa parte hartzea aldarrikatu eta garatzearekin, eremu politikoan hauteskundeekin konformatzen ez garen modu berean, gai honetan ere, planteamendu politiko, sozial, ekonomiko eta nazionala garatu, komunikatu eta egikaritzeko estrategiak definitu behar dira.

Lehenik eta behin garapen ekonomiko kapitalista eta lurralde antolamenduaren arteko harremanak aztertu behar dira, aurrean dugun desafioaren tamaina ezagutu eta taxuz ekin ahal izateko. Horrela bada, jakina da edozein egitura/sistema ekonomikok beharrezkoak dituen egitura espazial/territorialak sortzen dituela, hala nola, produkziorako fabrikak, langileentzako auzoak, edo mugikortasunerako errepide edo abiadura handiko trenak. Horiek baina, era berean, egitura/sistema ekonomikoa baldintzatzen dute, espezializazio produktibo zehatz batera edo beste batera bideratuz, baino batez ere, egitura ekonomiko horren atzean dauden harreman sozialak –harreman kapitalistak– lurraldean errotuz, betikotuz. Horrenbestez, Lurralde Antolamendua ardatz izango duen estrategia bat eraikitzen hasterako orduan, gure proposamen ekonomikoaren nolakotasuna definitu beharko dugu, hau da, hazkundearen edo deshazkundearen paradigmaren artean hautatu; eskualdeen artikulazioan edo hiriburu makrozefalikoetan oinarrituko garen erabaki; egitura ekonomiko autozentratua edo extrabertituaren artean hautatu… Azken finean, aldarrikatzen dugun sozialismo horren hezurdura fisikoak nolakoa izan behar duen inguruko gogoeta zabaldu, hedatu eta garatu beharko dugu.

Euskal Herriaren koiuntura historiko honetan, Lurralde Antolamenduaren inguruko estrategiak markatzerako orduan beste bi elementu garrantzitsu topa ditzakegu ere, beraien artean harremanduta direnak. Nazio eraikuntzaz eta lurraldetasunaz ari gara.

Nazio eraikuntzaz eta Lurralde Antolamenduaz ari garenean, orain arte ulertu eta garatu diren esparruen –hezkuntza, hizkuntza, kultura, lan-harremanen markoa, egitura sozioekonomikoa…– materializazioaz ari gara, hau da, gaion guztion espresio territorial edo espazialaz. Artikuluaren lehen  paragrafoan azaltzen den definizioaren arabera, jendartearen garapenerako ezinbestekoak diren eremu ezberdinen antolaketaz ari bagara, nazio eraikuntzaren ikuspuntutik, gure erronka nagusia izango da elementuok guztiok nazio mailako prozesu eratzaile baten mesedetara antolatzea. Hau da, esaterako, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko beharrezkoak izango zaizkigun azpiegiturak materialki eraiki eta espazioan kokatuz, geronek erabaki, diseinatu eta kudeatu ahal izan ditzagun, betiere, lurraldetasunaren baitan Euskal Herri osorako diseinuak eta kudeaketa ereduak sortuz, baino herrialde bakoitzaren berezitasunetatik abiatuz. Prozesu horretan, gainera, ezinbestekoa izango da eskalaren auzia oso presente egotea, jendartearen parte hartze aktiboa bermatu eta jendearen eguneroko jardunean oinarrituko den nazio eraikuntza prozesua ahalbidetu nahi badugu behintzat, auzoa, herria, eskualdea, lurraldea, nazioa eta nazioartea izango dira kontuan hartu beharko ditugun eskalak, bakoitzarentzako antolakuntza berezitu bat eginez, eta, betiere, behetik gorako eraikuntza prozesua izango dela ziurtatuz.

Bukatzeko, eta ondorio modura lurraldearen kontzeptualizazioaren inguruko proposamena egin nahiko genuke. Lurraldea ez da gure politikak jasotzen dituen objektu pasiboa. Lurraldea eta bere antolamendua, gure politikak, estrategiak eta taktikak gurutzatu, harremandu eta materializatzen dituen «espazioa» da, izaera berezia izanagatik elementu estrategikoa bihurtzen dena, eta, azken batean, gu guztiok, herria bera, subjektu politikoa izango den ala ez determinatzen duena da.

«Lurraldea eta bere antolamendua, gure politikak, estrategiak eta taktikak gurutzatu, harremandu eta materializatzen dituen «espazioa» da, izaera berezia izanagatik elementu estrategikoa bihurtzen dena, eta, azken batean, gu guztiok, herria bera, subjektu politikoa izango den ala ez determinatzen duena da»