Korrikan ere herritarrak protagonista

2.557 kilometro egin ondoren, atzo bukatu zen 20. Korrika Iruñean. Lasterketa osoan zehar bezala, amaieran ere herritar askok hartu zuten parte; eta jai giroa, aldarrikapenak eta emozioak ez ziren falta izan Euskal Herriko hiriburuan. Ekimen indartsu, koloretsu, alai eta kolektibo honek herritarrek euskararen alde egiten duten lan isil eta iraunkorraren balioa nabarmentzen du.

Korrika Euskal Herrian egiten den mobilizazio erraldoi eta arrakastatsuena da, ezbairik gabe. Eta aurtengoa ere halakoxea izan da. 20. edizioa bukatu da eta balorazio sakonetarako tartea irekitzen da orain. Behinik behin, mobilizazio honek ezberdintasunak gainditzeko eta herritar ororengana iristeko duen gaitasuna azpimarra daiteke. Modu batean edo bestean, ekimen honen izaera kolektibo eta positiboak bazter guztiak kutsatzen ditu, herritarrak protagonistak bihurtuz. Espiritu horrek balio izan du, egoera zailetan ere, bideak topatzeko, aurrera egiteko eta aldaketak eragiteko, atzo Iruñean antolatzaileek azpimarratu zuten bezala.

Korrikaren mezuak euskarak –munduko beste edozein hizkuntzak bezala– duen balio unibertsala nabarmendu zuen. Eta euskara erabiltzera dei egiten zuen, gainerako ondareenak ez bezala, hizkuntzen balioa erabileran datzala azpimarratuz. Hori da, hain zuzen, Korrika bukatuta gelditzen den erronka: euskararen erabilera sustatzea. Horretarako, jakina, borondate ona baino zerbait gehiago behar da: taxuzko estrategia marraztea, partekatzea eta garatzea.

Mundua aldatzen ari da eta Euskal Herria ere bai. Mudantza horretarako, herri gisa bestelako kontzeptuak, estrategiak eta tresnak definitu behar ditugu. Eta euskararen geroa bermatzeko ere berrikuntzak ezinbestekoak izango dira. Orain arte bezala, irudimenez, kemenez, adostasunez eta elkarlanez josiko da etorkizuna. Arrakasta erdiesteko, Korrikan bezala, herritarren parte hartze eta protagonismoa erabakigarria izango da.

Buscar