Sanferminak 2012
Especial-comillas
Ya lo dijo Mikel Urmeneta el año pasado. «Es como si nos dejasen sentirnos superlibres durante nueve días al año. Luego la gente vuelve a su vida sedentaria». Así son los sanfermines; nueve días de fiesta, locura y diversión con el pañuelico al cuello.
Albisteak
German Rodriguezen memoriak bizirik dirau, baita belaunaldi berrien artean ere
Ion Orzaiz|IRUÑEA|2012/07/09

Krabelin gorri bat zara/ gure bihotzean loratu zana/ Zuri-beltz argazkia/ suz grabatua/ hareazko ekaitza/ hareazko hitza/ Zigor gabe errudunak/ noiz justizia herriak?/ Krabelin gorri bat zara/ gure bihotzean loratu zana/ Maite zenuen hiriak/ nahi du zure oroitarria/ baina batez ere, maitia/ zure irria.

Fertxu Izquierdo poetak idatzitako eta Fermin Balentziak kantatutako hitzek ezin hobe islatzen dituzte atzo Orreaga etorbidera bildu zirenen sentipenak. German Rodriguez erail zutenetik 34 urte bete berri diren honetan, ehunka lagunek bat egin nahi izan zuten Sanfermines 78 Gogoan plataformarekin, eta «egia, justizia eta ordaina» aldarrikatu zituzten, «jendeak ez dezan gertatutakoa ahaztu, eta historia errepika ez dadin».

Oroitzapenak eta sentimenduak gogora ekartzeko ahalmen berezia omen du musikak, eta agian horregatik, atzoko ekitaldian orotariko musika izan zen entzungai. Hala, Germani eskainitako bertsoekin hasi zen omenaldia, eta horren ostean, aurreskua dantzatu zuten LKIko militante zenaren oroitarriaren aitzinean. Urtero bezala, gazte iruindarraren lagun eta senideek lore sorta bana utzi zuten bertan.

Sanfermines 78 Gogoan plataformako kideen esanetan, urtero-urtero egiten dutena ez da ekitaldi folkloriko soil bat, «berreste» bat baizik, «uztailaren 8 bakoitzak zerbait berri ekartzen digunaren isla». Hain zuzen, aurtengo nobedadeen artean, Nafarroako institutuetarako prestatu duten unitate didaktikoa: «DBHko 4. mailako ikasleekin 1978ko gertakariak lantzeko modu bat da. Trantsizio delakoaren testuinguruan German Rodriguezen heriotza kokatu nahi dugu, eta ekimena abian jarri dugu jada, zenbait institututan», azaldu du Sanfermines 78 Gogoan plataformako kide den Nerea Perez Ibarrola historialariak.

Atzoko omenaldiaren baitan egindako hitzaldian, 1978ko eta gaur egungo egoera soziopolitikoak alderatu zituen Perez Ibarrolak: «Alderdi Popularraren gobernua krisiaren aurkako neurriekin egiten ari dena eta UCDk 70. hamarkadaren bukaeran egin zuena ez dira oso ezberdinak. Orduan bezala, orain ere murrizketen, soldaten doikuntzen eta langabeziaren eskutik heldu dira sakrifizioak». Baina antzekotasunak ez dira alor ekonomikora edo jendartearen esparrura mugatzen, historialariaren esanetan. «1978an, Nafarroa Hego Euskal Herriko gainerako herrialdeetatik bereiztea lehentasunezko helburua zen boterearentzat, eta gaur egun ere, Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena gogoratzen ari garen honetan, helburu bera dute UPNk eta espainiar eskuinak». Eta garai hartan, nafar jendarteak emandako erantzunaren antzera, mobilizazioetan eta protestetan parte hartzeko deia zabaldu zuen Gogoan plataformako kideak. «Gero eta arrazoi daude borrokan jarraitzeko; egia, justizia eta ordaina galdatzeko dauzkagun borondatea eta asmoa adierazteko», azpimarratu zuen.

Lagunak eta politikariak

Alderdi politikoetako, kolektiboetako eta peñetako ordezkari andanak bat egin zuen Germanen oroitarriaren aitzinean egindako ekitaldiarekin. «Sanfermines 78 Gogoan» idatzia zuen pankartaren atzean, Germanen lagun eta senideak ziren; besteak beste, LKIko kide ohi Piru Zabaltza, Miren Egaña (Aralar), Sabino Cuadra (Amaiur) edota Patxi Urrutia ezker abertzaleko mahaikide ohia. Ikusleen artean, berriz, Berriozarko alkate eta legebiltzarkide Xabier Lasa (NaBai), Koldo Amezketa (EA), eta herri mugimenduko hainbat ordezkari. Han ziren, halaber, Txaro Pardo Iruñeko Peñen Federazioko bozeramaile ohia, eta Aitziber Berrueta, 2004an Donibane auzoan Espainiako polizia batek eta haren semeak eraildako okinaren alaba.

Germanen lagunekin, senideekin eta politikariekin batera, ehunka gazte ere bildu ziren Orreaga etorbideko oroitarriaren aitzinera, memoria historikoa berreskuratu nahian. Belaunaldi berrien inplikazioa nabarmendu nahi izan zuten Sanfermines 78 Gogoan plataformako kideek. «Hasierako omenaldietan ez bezala, azken urteetan gazte aunitz etortzen dira ekitaldi honetan parte hartzera, eta hori oso positiboa da, adierazten baitu 1978 Sanferminak bizi ez zituztenek ere interesa dutela gure herriko historia ezagutzeko, memoria historikoa berreskuratzeko eta, batez ere, justizia zein ordaina exijitzeko», esan zuen Miren Egañak.

Iritzi berekoa da Sabino Cuadra: «Belaunaldi berrien partehartzea gero eta nabarmenagoa da, eta horrek biziki pozten gaitu». Azkenik, Alberto Ruiz Gallardon Madrilgo Gobernuko Justizia ministroak gai honen inguruan esandakoak txarretxi zituen: «Azken 34 urteetan ez dugu erantzun ofizialik izan Estatu espainolaren aldetik, eta hori estali nahian dabil ministroa, oraindik orain».