Ane Arruti
Gernika

«Lehenengo bonbez, lehenengo bonbez, eta gero guzurrez»

Kantuz oroitu dute gaur arratsaldez gernikarrek duela 75 urteko sarraskia, 200 herritar inguruk parte hartu duten ‘Gernika sutan’ antzezlanarekin.

"Gernika Sutan" antzezlaneko une bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)
"Gernika Sutan" antzezlaneko une bat. (Marisol RAMIREZ/ARGAZKI PRESS)

«Errautsetatik birjaio gara gu oraingo gernikarrok. Su 'ta garretan kiskildu ziran harexeen ondorengo». Horiexek izan dira hain zuzen, oraingo gernikarrak, justiziarik ezagutu gabe jarraitzen duten haiei omenaldia egin dietenak. Carlos Panerak zuzenduta eta Eneritz Artetxek koordinatuta, iaz abiatu zuten ‘Gernika sutan’ kantu-antzerki lan ibiltariak jende ugari omendu du: apirilaren 26 hartan hildakoak, Gernika birrindua berreraikitzera behartuak izan zirenak, gertatutakoa argitu nahian ahaleginen bat egin zuten guztiak eta oraindik ere horretan dabiltzanak.

Seber Altube auditoriumean hasi dute kontaketa, Jose Antonio Agirre lehendakariaren, Dolores Ibarruri Pasionariaren eta Mola jeneralaren ahotsak entzunaraziz. Beldurgarriak azken honenak; «hay que sembrar el terror con una victoria aplastante y definitiva». Bitartean, herriko haurrak eskolatik atera eta jolasean ari dira lasai, arropa urdinduekin, zerutik datorrena zer den asmatu ezinean. Baina etorri dira bonbak eta beltzez jantzitako herioak dantzan ospatu du erretako neskatoaren ondoan. Abesbatzak lagundu du orduan, gertatutakoa ahaztu ez dadin kantatuz: «Indarraren legeak giltzapean egia, erre ebenak aske, nun dago justizia? Gernikarra! Erdu gogora ekarten gernikarra!».

Zeruko sua geldiezina da, ordea, eskaileran igota suhiltzaile batek etsita kantatu duen moduan. «Zelan amatau behar dot sua ura bera sutzen bajat? Giza kearen usaina eta haragi erreen zartak. Lurra bera be hain dago bero urtu behar jataz hankak!».

Bonbetatik ihesi arineketan Merkurio plazaraino egin dute haur eta gurasoek. Gipuzkoatik etorritako errefuxiatuak dira, ostera tren geltokira ihesi.

Baina dantzan jarraitu du herioak, pasodoble eta danbor soinu artean, okindegiko bi ahizpa erailak leihotik kantuan ari diren bitartean: «Goittik begira adi gagoz okin bi, ahizta bi... hilek: gure errautsez egin leikezan opilek!».

Domingo Alegria plazan, berriz, baserritarrak hondakinen artetik ateratzeko ahaleginetan abestu dute, bere hildako haurra besoetan duen emakume bat leihotik negarrez ari den bitartean. «Hau azaltzeko berbarik lur honetan ez dago. Adios ene maittia, adios sekulako!».

Foruen plazarako bidean, sugarretatik ezin libro, laguntza eske oihu egiten dute etxeetatik herritarrek. Horiek guztiak omendu dituzte bukaeran, txalaparta, irrintzi, aurresku isil eta kantuekin, urdindua bai, baina azkeneraino zutik mantendu duten ikurrinari eutsiz. «Betirako gora ba Gernika, hemen gagoz irrintzika!».