NAIZ.INFO
IRUÑEA

Ekainaren 16ko martxako kontzertuak aurkeztu dituzte

Ekainaren 16an "500 urte eta gero... bizirik!" lelopean antolatutako martxa nazionalaren karietara antolatutako kontzertuetan Barricada, Su Ta Gar, Vendetta eta Goienetxe Anaiek parte hartuko dute.

Ekainaren 16an Iruñean egingo den martxa nazionalean parte hartzera gonbidatzeko ehunka lagunek osatutako lip-dub ikusgarria sareratu eta ordu gutxira, egun horretan parte hartuko duten musika taldeen izena eman dute ezagutzera Nafarroako hiriburuan egindako prentsaurreko batean.

Barricada, Vendetta, Su Ta Gar eta Goienetxe anaiak dira martxa nazionalaren egitarau oparoari behar bezalako amaiera emango dioten taldeak. Kontzertuak Iruñeako zezen plazan izango dira, iluntzeko 20etatik aurrera. Aldez aurretik erosten dutenentzako, 12 euroko salneurria izango dute sarrerek, eta bertan 15.

Nafarroa Bizirik plataformako kideek gogorarazi dutenez, egun osorako jaialdi horren bitartez Nafarroako Estatu independientea aldarrikatuko da, eta bertaratzeko gonbitea egin diote euskal jendarteari.