Beñat Zaldua
DONOSTIA

Artea, memoriaren zerbitzari

Artea bihurtu da askotan norbaitek izkutatu nahi izan duen memoria historikoaren salatzaile garbia. Gernikako kasuan, esaldi honek berebiziko egia islatzen du. Frankismoak izkutatu nahi izan zuen bonbardaketaren kontra, Picassoren koadro kolosala bazter guztietan entzun den oihu mutua izan da beti. Baina ez gara hain urrun joan behar, etxean bertan baititugu honen adibideak, besteak beste, Jose Luis Zumeta eta Nestor Basterretxearen obretan.

Picassoren obra oinarritzat hartuta, Zumetak Gernikari buruzko koadro serie ezaguna garatu du urteetan zehar, kolore indartsuz sarraskiari bizia emanez eta datozen belaunaldientzat neurri ezin gabeko testigantza baliotsua utziz. Iragana eta etorkizuna, oraina ardatz bezala hartuz. Hori pentsatu zen Garako erredakzioan iazko urriaren 20an, ETAk ekintza armatuak bertan behera uzten zituela iragarri zuenean. Nola irudikatu urrats historiko hura egunkarian? Beste askotan bezala, Zumetaren laguntza ezinbestekoa izan zen.

Argazki batekin ere lortu daitekeen arren, errazagoa da sentimenduen mundura koadro baten bidez iristea. Hala gauzak, Zumetak ez zuen inongo arazorik jarri urriaren 21eko egunkari berezian bere koadroak erabiltzeko eta egun hartako edizioa GARAk kaleratu duen zenbakirik berezienetako bat bihurtu zen, bai edukin aldetik, jakina, baina baita forma aldetik ere.

Nestor Basterretxea beste adibide bat dugu. Euskal artean maisu, pasa den apirilean GARAren eskakizunari baietza eman eta ‘Gernika’ litografia prestatu zuen apirilaren 26ko egunkariarentzat, suntsiketaren 75. urteurrenaren egunean. Basterretxearen obra, sarraskiaren krudeltasunaren isla, GARArekin banatu zen dohainik egun hartan.

Litografiaren esanahiari buruz, Basterretxeak berak azaldu zuen apirilaren 21ean argitaratutako elkarrizketan: «Gernikari buruzko nire obra baten zati bat hartu dut abiapuntu bezala, baserri bat jaten duen su gorria gehituz. Obra batek edukin sinbolikoa izkutatzen duen itxura bat dauka beti.  Eta oraingo hau Euskal Herria sutan da». Artearen garrantziari buruz, Gernikako suntsiketa 12 urterekin Parisko erbestean bizi izan zuen artistak ez dauka dudarik: «hausnarketa bultzatu eta bidegabekeriak salatzeko ahalmena du».