Negoziazio kolektiborako esparru propioa aldarrikatu du LABek

«Madrildik datozen erasoen aurrean» Euskal Herrian negoziazio kolektiborako esparru propioa eraikitzearen beharra aldarrikatu du LAB sindikatuak.

NAIZ.INFO|DONOSTIA|2012/06/01
Lab
LABen agerraldia, gaur Donostian. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Datozen egunotan eta asteotan herrialde mailako negoziazioetan proposamenak egingo ditu LABek.

LABeko Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari nagusi Arantxa Sarasolak eta sindikatuko exekutibako Garbiñe Aranburuk Donostian egindako agerraldian nabarmendu dutenez, «Madrilen gertatzen ari denari begira ezin dugu jarraitu» Euskal Herriran.

Hala, soldatak eta enplegua defendatzeko alternatiba Euskal Herrian dagoela aldarrikatu dute, eta horretarako eta negoziazio kolektiborako eskubidea mantentzeko lan harremanetarako eta negoziazio kolektiborko eredu propio bat eraiki behar dela aldarrikatu dute.

«Enpresetan bakarrik oinarritzen den negoziazio eredua hondamendia da Euskal Herriko langileentzat, langileen gehiengoa enpresa txiki eta ertainetan dago lanean eta ez du inolako aukerarik enpresa mailan hitzarmenak negoziatzeko», salatu dute.

Ildo horretan, sektoreko hitzarmenaren babesa desagertzen bada, Estatuko negoziazioen menpe geratuko direla ohartarazi dute. «Estatuko lan baldintzak aplikatuko zaizkie, hemengo lan baldintzekin alderatuz askoz okerragoak diren lan baldintzak», esan dute.

Datozen egunotan eta asteotan herrialde mailako negoziazioetan proposamenak egingo ditu LABek eta sektoreetako akordioak irekitzeko saiakera egingo du, «herrialdeko hitzarmenak estatukoen aurrean babestuak egon daitezen».

Era berean, mobilizazio proposamenak sektore hitzarmenetara eta enpresetara eramango dituela iragarri dute Sarasolak eta Aranburuk. «Ezinbesteko mobilizazioak dira, hilabete gutxi barru Estatuko konbenioen menpe egon nahi ez badugu edota erreformaren beste hainbat ondorio kaltegarri pairatu nahi ez baditugu», nabarmendu dute.

LOTURAK