NAIZ.INFO
DONOSTIA

AHT gelditzeko exijitu dute Hernanin

Ehun lagun baino gehiagok hartu dute parte Hernanin egindako giza-katean. AHT eraikitzeko lanek eragindako kalteak ikusi ondoren, proiektua gelditzeko beharra nabarmendu dute.

Trena gelditu zuten 25 bat lagunek AHTren aurkako protestan.
Trena gelditu zuten 25 bat lagunek AHTren aurkako protestan.

Hernaniko Osinaga auzotik abiatuta, hamarka lagunek parte hartu dute AHTren aurkako giza-katean. Oinez egin dituzten hiru kilometroetan zehar, aipatu makroproiektua eraikitzeko lanek eragindako kalte larriak bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte.

Ildo horretan, Hernanitik igarotzen den trena oztopatu dute 25 bat lagunek AHTren aurkako protesta gisa.

AHT Gelditu! Elkarlanak salatu duenez, «murrizketa sozial izugarriak pairatzen ari garen une honetan», Gasteiz, Iruñea eta Madrilgo Gobernuek 831 milioi euro inguru gastatuko dituzte aurten AHT eraikitzeko lanetan.

Horrez gain, kalte ekologikoagatik ere kezka agertu dute.

«AHTren aurkako erantzuna etorkizunari begira egindako apostu bat ere bada, hain zuzen ere ekologikoki jasangaitza den eta sozialki geroz eta gehiago zalantzan jartzen ari den egungo eredu ekonomiko eta sozialaren eraldaketa sakon baten alde egindako apostua», nabarmendu dute.