NAIZ.INFO
DONOSTIA

Benito Lertxundik atzeratu egin ditu ekaineko kontzertuak

Benito Lertxundik bertan behera utzi ditu ekainean zituen emanaldiak, ebakuntza egin behar diotela-eta.

Ginmusika ekoizleak jakinarazi duenez, Benito Lertxundiri ebakuntza egin behar diote eztarrian polipo bat kentzeko, eta hori dela-eta ekaineko kontzertuak atzeratu egin ditu.

Bertan behera utzi behar izan dituen emanaldiak honakoak dira: ekainaren 4an Bilboko Euskalduna jauregikoa; 9an Iruñeko Baluartekoa, 15ean Portugaleteko kiroldegian aurreikusia zegoena eta 17an Donostiako Kursaalen antolatua zegoena.

Ginmusicak esan du ahalik eta azkarren jakinaraziko duela noiz izango diren emanaldiak, hartutako sarrerek balioko duten edo dirua nola itzuli behar den.

Maiatzaren 18 eta 19an Donostian zituen emanaldiak bertan behera utzi zituen Lertxundik, afonia zuela-eta.