NAIZ.INFO
Donostia

Joxe Azurmendik jasoko du Eusko Ikaskuntza saria

Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria Joxe Azurmendirentzat izango dela jakinarazi du elkarteko lehendakaria den Jose Maria Muñoak.

Saria Joxe Azurmendirentzat izango dela iragarri duten prentsaurrekoko irudia. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Saria Joxe Azurmendirentzat izango dela iragarri duten prentsaurrekoko irudia. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) pentsalari eta idazle gipuzkoarrarentzat izango da aurtengo Eusko Ikaskuntza-Euskadiko Kutxa saria. Hala adierazi du elkarteko lehendakari den Jose Maria Muñoak Euskadiko Kutxako zuzendariorde den Pello Guereñorekin eman duen prentsaurrekoan.

Aho batez onartu dute epaimahaiko kideek saria Azurmendiri ematea. Muñoaren esanetan, zaila izango da Azurmendik bere bizi osoan egin eta idatzi duen guztia laburbiltzea. Horrez gain, pertsona «pentsakor» eta «konprometitu» bezala definitu du.

20.000 euro jasoko ditu Azurmendik sariaren truke, udazkenean Donostiako Miramar Jauregian egingo den ekitaldian.

1941eko martxoaren 19an jaio zen Joxe Azurmendi Zegaman. Arantzazuko frantziskotarren ikastetxean egin zituen ikasketak, ondoren ordena horretan sartzeko. ‘Jakin’ aldizkariaren bultzatzaileetako bat izan zen.

Berak idatzitako liburuen artean ‘Hizkuntza, etnia eta marxismoa’ (1971), 'Kultura proletarioaz' (1973), ‘Mirande eta kristautasuna’ (1978), ‘Teknikaren meditazioa’ (1988), ‘Demokratak eta biolentoak’ (1997) eta ‘Euskal Herria krisian’ (1999) aurki ditzazkegu.‘Bakea gudan’ izan da bere azken lana, Unamunoren ‘Paz en la guerra’ nobelaren irakurketa filosofikoa dena. Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea txertatu dio lanari.