NAIZ.INFO
IRUÑEA

Artea Oinez erakusketa gaurtik ikusgai, Donostian

San Fermin ikastolak arte garaikideko erakusketa antolatu du eta, gaurtik uztailaren 8ra arte, Donostiako Kutxa Boulevard aretoan dago ikusgai.

Artea Oinez erakusketaren irekiera, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Artea Oinez erakusketaren irekiera, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

San Fermin Ikastolak, Artea Oinez erakusketa antolatu du urtean zehar Nafarroa Oinezen inguruan egiten diren kultur ekitaldien barrenean. Erakusketa gaur arratsaldean zabaldu da eta uztailaren 8ra arte ikusgai egonen da Donostiako Kutxa Boulevard Aretoan.

Ekimen honen bitartez, Nafarroa Oinezek, Nafarroako ikastolen jaiak, beste behin egin nahi izan dio omenaldia arte garaikideari. Estilo eta teknika desberdinetako 60 artista inguruk parte hartzen dute eta euren lanak eskuzabaltasunez utzi dituzte. Arte-diziplina desberdinak daude ikusgai: pinturak, eskulturak, argazkiak…

Oinez jaiaren inguruan urte osoan zehar antolatzen diren kultura-ekitaldi garrantzitsuenetako bat da, eta hauxe nahi du aldarrikatu, ohar baten bitartez jakinarazi dutenez: «arte plastikoak gure kulturan duen balioa».


Omenaldia Julio Martin Carori

Artea Oinez ekimenari haren harri-koskorra ekartzeko asmoz, San Fermin Ikastolak hainbat sortzaile plastikoren grabatu-bilduma bat sustatu du edizio honetarako, osagarri gisa. Horrela, omenaldi xumea egin nahi zaio Julio Martín-Carori.


Oinez 2012: helburuak

Nafarroa Oinez Nafarroako Ikastolen eta euskararen aldeko festa erraldoia da eta aurtengo antolakuntza Zizur Txikiko San Fermin Ikastolari dagokio. Edizio honen bidez, nafar ikastolen mugimenduari laguntzeaz gain, San Fermin Ikastolak helburu zehatza dauka: Bigarren Hezkuntza handitzea. Izan ere, orain arte ziklo horretara iristen ziren hiru gela lau bilakatu dira eta, horrez gain, Batxilergoan Iruñerriko beste ikastetxeetako ikasleak jasotzen ditu urtero. Bestalde, San Fermin Ikastolak Euskalerria Irratiari sostengua eman eta haren legeztatzea aldarrikatu nahi du Oinez 2012aren bitartez.