Naiz.info
Iurreta

Teuntebergek irabazi du Emakumeen Birako lehen etapa

Emakumeen Biraren aurreneko etapan, Ina-Yoko Teunteberg izan da azkarrena. Marianne Vos faborito nagusia ez da irteera puntuan egongo, lesio baten eraginez.

Nazioarteko pelotoirik onena bilduko da aurten ere Emakumeen Biran. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Nazioarteko pelotoirik onena bilduko da aurten ere Emakumeen Biran. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Emakumeen Birak hogeita bost urteko ibilbidea bete du aurten. 1988an lehenengo edizioa sortu zenetik, urtez urte emakumezkoen txirrindularitzaren erreferente bilakatu da eta egun elite mailako froga nagusienetakoa da.

Gaur abiatu da lehen etapa Iurretan. 97 kilometrotako ibilbidearen ondoren, Ina-Yoko Teunteberg (Specialized Lululemon) txirrindulari alemaniarrak bereganatu du garaipena, esprintean, Matienan kokatutako helmugan eta sailkapenaren aurreneko postuan da.

Haren ondotik iritsi dira Shelley Olds, bigarren, eta Trixi Worrack, hirugarren. Ana Usabiaga izan da helmugaratzen lehen euskalduna, hamabosgarren postuan.

Hutsune nagusi bat du ordea aurtengoan Emakumeen Birak. Marianne Vos txirrindulari herbeheretarra, iazko irabazlea, ez da irteera puntuan izango. Pasa den hilean lepauztaia hautsi zuen eta lesioak ekidin egin du Vosen presentzia euskal errepideetan.

Lehia estua izango da ordea gainontzeko faboritoek lau egunetan zehar izango dutena. Nazioarteko eta Euskal Herriko hogei talde izango dira aurtengo itzulian.

Eneritz Iturriaga abadiñoarra izango da euskal txirrindularien artean faboritoa; hogei txirrindulari onenen artean sailkatzea izango du helburu, baita lehenengo euskal txirrindulariari dagokion GARAren maillota eskuratzea ere (GARAk hamahiru urte daramatza Emakumeen Bira babesten).

Nolanahi ere, kirolari gazteen presentzia ere kontutan izan beharko du Iturriagak, gertutik jarraituko baitiote Ane Santestebanek eta Dorleta Eskamendik.