Ariane Kamio
Donostia

GARA, hamahiru urtez Emakumeen Bira babesten

GARA egunkariak, bere sorreratik, Emakumeen Bira babesten dihardu eta frogaren hogeita bostgarren urteurrenean ere laguntzaile lanetan izango da.

Maiatzaren 29an aurkeztu zen XXV. Emakumeen Bira. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Maiatzaren 29an aurkeztu zen XXV. Emakumeen Bira. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

1999an, ‘Egin’en itxieraren ostea sortu zen GARA eta urte hartatik izan da Euskal Herriko egunkaria Emakumeen Biraren babesle. Hamahiru urteko ibilbidea egin dute biek ala biek elkarlanean, eta hartueman hori izan da bien artean sortutako harreman fidelaren lekuko nagusia.

Hogeita bost urte, mende laurdena bete du Emakumeen Birak eta lan eskergaren ondorioz bilakatu da emakumezkoen txirrindularitzako froga nagusienetako bat UCI Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasuneko egutegian.

Emakumezkoen kirola babestea izan zen GARAren helburuetako bat ekainaren 7tik 10era jokatuko den froga hau babesterako orduan eta hasierako helburuei uko egin gabe, aurtengoan ere babesle gisa jarraituko du, zitari hutsik egin gabe.