NAIZ.INFO
DONOSTIA

Eneko Goieaskoetxeak bertan behera utzi du gose greba

Eneko Goieaskoetxea euskal presoak bertan behera utzi du herenegun hasi zuen gose greba, Belmarsh-eko espetxeko zuzendariarekin hitz egin eta gero.

 

Eneko Goieaskoetxea euskal preso politiko gernikarrak gose grebari ekin zion asteazkenean Belmarsh-eko (Britainia Handia) kartzelan, bisitekin izaten dituen arazoak salatzeko. Etxerat elkarteak jakinarazi zuenez, hiru bisita galdu dituzte azken bost asteetan bere senide eta lagunek.

Etxeratek gaur jakinarazi duenez, espetxeko zuzendariarekin bildu zen atzo Goieaskoetxea eta hark arazoa konpontzeko borondatea azaldu zion. Ondorioz, gose greba uztea erabaki zuen.

Egoera zaila

Gernikarra bisita guztiak ingelesez egitera behartzen dute eta ingelesez ez dakitenen kasuan, itzultzaile edo grabatzaile baten presentzia derrigorrezkoa zaiola azaldu du Etxeratek. Astean hiru ordu izaten omen ditu bisitak jasotzeko eta hauek burutu ahal izateko eskaera bi aste lehenago egin behar duela aipatu du. Askotan, gainera, nahiz eta itzultzailea aldez aurretik eskatu, bisitara heltzean inor ez dute aurkitzen. Ondorioz, bisita bertan behera utzi beharrean suertatzen dira.

Goieaskoetxearen kasua «bereziki gogorra» dela esan du Etxeratek, Euskal Herritik hain urrun izanik, bertara gerturatzeko ahalegin handia egin behar izaten baitute bere senide eta lagunek. Beste behin ere, preso politikoen senide eta lagunen eskubideak errespetatzeko eskatu du.

2011ko uztailaren 7an atxilotu zuten Goieaskoetxea Cambridgen eta 2012ko urtarrilaren 23an Auzitegi Nazionalak estraditatzeko egindako eskaera onartu zuen Westminsterreko Gorteak. Epaia errekurritu ostean, maiatzaren 4an bota zuen atzera helegitea Londreseko Epaitegi Gorenak.