Beñat Zaldua
DONOSTIA

Ikastolen festak

1977an, Beasainen diru asko behar zuten ikastola eraikitzeko. Dirua jasotzeko Josu Erguinek egundoko jaia antolatzea proposatu zuenean, erotzat hartu zuten. 35 urte beranduago, ikastolen jaiak hitzordu saihestezinak dira euskalzaleentzat.

Ekainaren 3an Trapagaranen ospatutako Ibilaldiaren argazkia (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)
Ekainaren 3an Trapagaranen ospatutako Ibilaldiaren argazkia (Raul BOGAJO/ARGAZKI PRESS)

Gaur egun ikastolen jaien eredua gauzarik arruntena iruditzen zaigu Euskal Herrian, baina nola jaio ziren festa hauek? Ideia Josu Erguinena izan zen, Estatu Batuetan 1970ean ikusitako antzeko jai bat egokitu eta gero. Beasainen ideia proposatu zuenean, ordea, «erantzuna farra eta algara izan ziren», gaur egun Erguinek gogoratzen duen bezala, «ezin zela posible horrelako gauza batek hemen funtzionatzea». Baina Goierrin lizeo berri bat eraikitzeko beharra zegoen eta horretarako diru mordoa behar zuten. Gainera, «gauzak pasio eta ilusioz defendatzen direnean, jendea ilusio horrekin kutsatzea lortzen duzu», Erguinek azpimarratu duenez.

Horrela gauzatu zen, 1977ko urriaren 16an, lehenengo Kilometroak, Beasain eta Lazkao artean. «Nerbioz beterik geunden, horrelako gauza handi bat antolatzen zen lehendabiziko aldia zelako eta gaur egun baino kontrol administratibo askoz zehatzagoa zegoelako», azaltzen du Erguinek. «Gaur egun jendea besterik gabe pasatzen da eta kitto, baina orduan buelta bakoitzeko zigilu bat jaso behar zen, norberak bilatu behar zuen nork ordainduko zion kilometroko hainbat eta abar. Gaur egun ez dauden konplikazio mota batzuk zeuden».

Urte asko pasa dira egun urrun horretatik hona eta ikastolen jaiek sustraiak bota dituzte herrialde guztietan; eredu arrakastatsu baten isla. Erguinek berak ematen du hori ulertzeko gako bat: «Bada orduko diseinuari eta etorkizunerako jarrerari buruz kontatu nahi dudan zeozer. Egiten diren hainbat gauzarekin bezala, guk antolatutako jaia hurrengo egunean mundu guztiak egiten duen zerbait bihurtzea zen gure beldurra. Hasieratik planteatu genuen horrelako zerbait urtean behin egiteko gauza behar zuela izan eta ez gaur Beasainek, etzi Azpeitiak eta hurrengoan Lasartek egitea. Horretarako, Ikastolen Federaziora joan eta beraiei eskeini genien jaia, beraien produktu bat bezala eta urtean behin, frankizia moduan, proiektu nagusi bat zuen norbaiti kudeaketa emateko. Horrela, atea ixten genion atomizazioari. Eredu hori mantentzea lortu izatea garrantzitsua da».

Arrakastaren beste arrazoietako bat jai hauek euskal gizartean daukaten atxikimenduan ikusten du Erguinek: «Gure izaeran errotu den zerbait da». Gaur egungo jaiei buruz, azken urteetan jai ereduari buruz izan diren kritikak alde batera utzita, jaien esanahiari eutsi egiten zaiola uste du, berrikuntzak ahaztu gabe: «Azken bi urteetan halako berrikuntza bat aurkitu dut. Adibidez, iaz Azpeitian bultzatutako Klikmetroak ekimenarekin. Gauza hauek oso ondo daudela uste dut».

Egungo teknologia, hain zuzen ere, ezinbesteko baliabidea dela deritzo Erguinek ikastolen jaiek beren eboluzioa jarrai dezaten. Aldaketarik nabarmenena festen iraupenean ikus daiteke: «Lehenago egun bateko ekintza zen, hilabete batekoa izatea saiatzen ginen arren. Gaur egun aldatu egin da eta teknologia berriei esker, Kilometroak bezalako jaiak bizirik daude urte osoan zehar».