Beñat Zaldua
Donostia
Elkarrizketa
Koldo Tellitu
Ikastolen Elkarteko lehendakaria

«Zenbait erronka argituz, jaien maila mantentzea da lana»

Ikastolen elkarteko lehendakari bezala, Koldo Tellituk ongi ezagutzen du ikastolen jaien barne funtzionamendua gaur egun. Elkarrizketa honetan jai ereduaren arrakasta defendatzen du, etorkizunerako argitu beharreko erronkak daudela ukatu gabe.

Koldo Tellitu Leioako Betiko ikastolan, artxiboko irudi batean (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Koldo Tellitu Leioako Betiko ikastolan, artxiboko irudi batean (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Zer moduz aurtengo Herri Urrats eta Ibilaldia?
Gure balorazioa nahiko ona da. Azken finean, jaiak nahiko egonkortuak daudela uste dugu. Horrelako jai eta ekimenek, orokorrean, beherakada duten garai honetan, gureak oso egonkortuak daudela uste dut. Pozik gaude bai Herri Urratsen bai Ibilaldian izan ditugun emaitzekin, jende eta giro aldetik. Trapagarango ikastolarekin beldurra genuen eguraldiarekin, txarra zegoelako iragarrita, baina gure datuen arabera jende kopurua iazkoaren antzekoa edo handiagoa izan da. Herri Urratsekin, gauza bera gertatu da.  

Formula majikoa da jaiena?
Zenbait faktore biltzen dira jaiak ekimen arrakastatsuak izateko. Alde batetik, jaien atzean ikastolak daude eta ikastolen mugimenduak tamaina handia du: momentu honetan ia 50.000 ikasle ditugu eta ikastoletan oso barneratuta daude festa hauek. Bestalde, euskararen jaia bezala ulertzen da gizarteko sektore zabal batean. Bereziki Herri Urratsek, baina orokorrean jai guztiek euskararen aldeko izaera hori dute. Bi elementu horiek jaiak arrakastatsuak izatea ahalbidetzen dute. Gainera, herrialde bakoitzean egun horiek halako hitzordu saihestezinak bihurtu dira. Horretaz aparte, egitarau potente bat eskeini behar da, egiten diren gauzak erakargarriak izateko, eta horretan uste dut asmatzen dugula.  

Gaur egungo ikuspunarekin, nola ikusten duzu 35 urte hauetako eboluzioa? Hasierako jaietara jotzen badugu, gauzak zeharo aldatu dira. Lehenengo urteetan ez genuen ezagutzen jai hauek eman ahal zuten guztia eta garai hartan, nolabait esateko, gauzak era artisauan egiten ziren. Baina azkeneko 15 urteetan, gutxi gora behera, antzeko formula mantendu dugu, urtez urte aberastuz joan den arren. Gero eta babesle gehiago dituzte gure jaiek. Azken urteetan uste dut goia jo dugula jende aldetik eta hortik aurrera, mailari eustea da lana, ditugun zenbait erronka argituz.  

Zein dira erronka horiek etorkizunari begira?
Gazteekin erronkak ditugu, besteak beste, ea alkoholarena nola bideratzen dugun. Gauza bera garbitasuna eta zikinkeriaren arloan. Horretaz aparte, zenbait apustu ditugu buruan gure jaien inguruan. Adibidez, hezkuntzarekin lotura gehiago duten ekimenak bultzatzea. Jaiak nahiko ludikoak dira eta horrela mantendu behar dira, baina bueltak ematen ari gara hezkuntzari gehiago lotzeko. Festen ekimenen artean ere ikastolen presentzia handitu nahiko genuke.