Ezker abertzaleak, ohar bidez, Segik egindako ekarpen politikoa nabarmendu du eta bere «babes zintzoena» adierazi die gazte antolakundeko militante eta kide izan diren guztiei.
Bere iritziz, «aitzindari izan ziren antolakunde politiko nazionala martxan ezartzen, muga inposatuak gaindituz; eta, batik bat, jazarpen polizial-judizial eta politiko bortitzenari aurre eginez, gai izan dira gazteen artean Euskal Herriko askapen nazional eta sozialerako grina zabaltzeko».
Segi tresna bezala amaitutzat emateak, ordea, ez du ezker abertzalearen irudiko, «albo batera uzten gazte ezkertiar eta independentisten ahotsaren premia». Alderantziz, Euskal Herriak bizi duen aro politiko berrian «sekula baino beharrezkoagoa» dela nabarmendu du.