NAIZ.INFO
DONOSTIA

Bi palestinar hil ditu Israelgo Armadak Gazan

Gaza iparraldeko Beit Hanun herrian eginiko eraso baten ondorioz bi palestinar hil ditu armada israeldarrak eta beste pertsona bat zauritua suertatu da.

Irudian, bi ume erasoak eragindako kalteak txukuntzen. (Said KHATIB/AFP)
Irudian, bi ume erasoak eragindako kalteak txukuntzen. (Said KHATIB/AFP)

Kamal Odwan hospitaleko iturri medikuen arabera, gutxienez bi pertsona hil ditu Israelgo Armadak Gaza iparraldean kokatuta dagoen Beit Hanun herrian eginiko eraso batean. Hirugarren pertsona bat zauritua suertatu dela ere adierazi dute.

Israelgo indar militarrek «terroristatzat» jo dituzte hildako bi pertsonak. Hospitaleko larrialdi zerbitzuetako bozeramaileak zauritua egoera «kritikoan» dagoela esan du. Hainbat testiguk adierazi dutenez, ohikoa izaten da israeldarrak lur palestinarretan aurkitzea.

Rafa herrian ere egin du eraso Israelek. Gutxienez bost palestinar zauritu dira eta horien artean emakume bat eta ume bat aurkitzen dira.

Erasoaren helburua aroztegi baten aurka jotzea zen. Israelgo Armadak adierazi duenez «arma lantegi» bat ezkutatzen zen bertan. Horrez gain, Israelen aurka jaurtitako suzirien erantzun gisa ere jardun dutela esan du Israelek.

Bestalde, hiru hildako suertatu dira Israel eta Egipto artean eraikitzen ari diren burdin hesiaren aurka eginiko eraso batean. Hildakoak bi ekintzaile eta israeldar zibil bat dira. Oraindik ez dituzte erasotzaileak identifikatu, baina Israelgo armadaren ustetan haietako hainbat euren lurretan aurkitzen dira eta horiek aurkitzeko lanei ekin diote.