NAIZ.INFO
BAIONA

Justizia ministro frantsesari hitzordua eskatuko dio Etxeratek

Christiane Taubira Justizia ministro frantsesarekin hitzordua galdeginen du Etxeratek, azken 30 urteotako ibilbidearen berri eman eta espetxe politika aldatzeko premia nabarmentzeko.

Etxerateko ordezkariek Baionan emandako prentsaurrekoa. (Gaizka IROZ)
Etxerateko ordezkariek Baionan emandako prentsaurrekoa. (Gaizka IROZ)

Etxerat elkarteak prentsaurrekoa eman du gaur, Baionan. Bertan nabarmendu duenez, Legebiltzarrerako hauteskundeak amaituta, preso politikoen senide eta lagunek, kanpainan zehar harturiko konpromisoak betetzea aginduko diete hautetsi berriei. Era berean, Christian  Taubira Justizia ministro frantsesarekin batzartzen saiatuko direla iragarri dute, azken 30 urteotako ibilbidearen berri eman eta espetxe politika aldatzeko premia agerian uzteko.

Hain zuzen, Estatu frantseseko agintariek aplikatzen duten espetxe politikaz, bereziki François Hollande hautatua izan denetik, mintzatu da gaur Etxerat Baionan, Kazeta.info webguneak jasotzen duenez.

Legebltzarrerako bozak igaro berri direla, «eskubide eta konponbide demokratikoaren inguruan hitz ederrak entzun ditugu azken hilabete horietan hautagai lokalen ahoetatik baina gaur, Frantzian euskal presoei aplikatzen zaien politika larritzen ari dela» oroitarazi du elkarteak.

PS boterera heldu denetik egoera aldatu ez dela frogatzen diren zenbait kasu ere aipatu dituzte. Hartara, Naia Lacroix senpertarra, isolamenduaren aurka asteetako borroka baten ondotik Chalons-en-Champagnera trasladatu dutela, bere etxetik 950 kilometrora, gogorazi dute.

«Naia ez da gehiago bakarrik, berarekin batera Fleuryn zegoen Olga Gomez nafarra eraman dutelako, baina bere etxetik 1059 kilometrora dago. Administrazioak Naiaren bakartasuna haustea onartu du, baina beste oinarrizko eskubide baten truke», azaldu dute.

Azken egunotan, halako beste neurri batzuen berri izan du Etxeratek. Donibane Garazin bizi den Julen Mujika, Osnytik Villefranche-sur-Soânera eraman dute, bere etxetik  797 kilometrora. Bere anaia, Ander Mujika, berriz, Moulins-Yzeuretik Bourg-en-Bressera eraman dute. Oroitz Gurrutxaga, Fresnesko kartzelan bakartua zena, Moulins-Yzeurera eraman dute.

«Bidai luze horietaz ezin dugu hitz egin Ipar Euskal Herriko familia batzuk duela kasik 23 urte egiten dituztela oroitarazi gabe. Horiek dira Txistor Haranburu (Lannemezan), Jakes Esnal (Île de Ré), Unai Parot (Puerto de Santamarian, berriz isolamenduan) eta Ion Kepa Parot», gaineratu dute.

«Diskurtso batek baino hobeto»

«Adibide horiek guztiek diskurtso luze batek baino askoz hobeto erakusten dute egoera. Gaurko prozesuan eta egin diren urrats guztien ondotik, bi gobernuak dira bortizkerian tematzen direnak», laburbildu du Etxeratek.

Izan ere, «egiazko prozesu demokratiko baten garapena ahalbideratzeko aukera paregabe baten aurrean gaudela» uste dute espetxe politikaren ondorioak pairatzen dituzten presoen senide eta lagunek. «Hautetsi berriei, sozialista eta kolore guztietakoei bide horretan ahal duten guztia ematea eskatzen diegu», adierazi dute.

Ipar Euskal Herrian Herrira mugimenduarekin batera hasitako interpelazio lana segituko dutela baiezatu ostean, Christiane Taubira Justizia ministro berriari hitzordua eskatuko diotela iragarri dute.

Lan horrekin batera mobilizazioa areagotzeko beharra defendatu dute. Datorren urriaren 13an Baionan egitekoa den manifeztazioari begira, «mobilizazio egutegi azkarra» prestatu dute ondoko aste eta hilabeteetarako. Azken ostiraleko elkarretaratzeen garrantzia nabarmendu dute eta euskal jendarteari ekimen horietan parte hartzeko deia egin diote.