NAIZ.INFO
BAIONA

Hil egin da Baionako katedraletik eroritako gizonezkoa

Igande goizaldean Baionako katedraleko aldamiotik behera erori zen 31 urteko gizonezkoa hil egin da.

 

31 urteko gizonezko bat larri zauritu zen igande goizaldean Baionako katedraleko aldamiotik behera erori ostean.

Atzo ‘Sud Ouest’ egunkariak jakitera eman zuenez, hiru lagun igo ziren aldamiora, «dibertitzeko», ustez.

Iturri berberen arabera gizona ez zen ohartu oholtza bat falta zela eta 5 metrotik erori zen. Buruko traumatismoarekin eraman zuten ospitalera eta hil egin da.

Beste bi heriotza

Hori ez da iragan asteburuan izan zen gertakari larri bakarra. Izan ere, bi pertsona ito egin baitziren.

Kazeta.infok azaldu duenez, lagun batzuekin arrantza egitera Aloze-Ziboze-Omizegañiara joan zen Biarnoko gazte bat Uhaitzaindi ibaian ito egin zen joan den igandean. Hildakoak 22 urte zituen.

Bestalde, Biarritzen adin bereko neska bat itsasora erori zen iragan ostiral gauean. Gaur atzeman dute bere gorpua.