Ion TELLERIA
DONOSTIA

Twitter euskaraz kudeatzeko aukera izango da bi astetan

Twitterren euskarazko interfazearen itzulpen lanak elkarlanean garatu dira eta lan horretan parte hartu dutenek, jada euren ezarpenetan euskarazko frogazko bertsioa baliatu ahal dute. Uztailaren 5erako %100 itzultzea lortuz gero modu irekian eskainiko du konpainiak.

 

Twitter euskaraz kudeatu ahal dute, jada, itzulpenetan lagundu dutenek. NAIZ
Twitter euskaraz kudeatu ahal dute, jada, itzulpenetan lagundu dutenek. NAIZ

Ohar bidez iragarri dute Twitter konpainiakoek euskarazko interfazea eskaintzeko moduan izango direla datorren uztailaren 5ean. Maiatzean abiatu zuten itzulpen lana eta auzolanean garatu da. Itzulpen lanetan lagundu dutenek baliatu ahal dute, jada, euskarazko interfazea.

Uztailaren 5erako abian izan dadin, ordea, azken itzulpen lanak falta dira, oraindik. Izan ere, egun horretarako itzulpenaren %100 eginda dauden hizkuntzetan aritzeko aukera da Twitterrek eskainiko duena eta beraz, oraindik, bada lana abian izan dadin esandako egunerako.

Sei hizkuntza berri

Euskararekin batera honako hizkuntza hauetan ere kudeatu ahalko da: katalana, afrikaans, txekiera, greziera eta ukrainiera. Sei hizkuntza horietan izan diren itzulpenak aztertzen eta neurtzen ari dira, orain; emaitza zuzena bada, abian izango da Twitterren kudeatzailea sei hizkuntza gehiagotan.